Jada ez dio ihes egingo

Bidasoak 26-28 irabazi du Logroñon; horri esker, bigarren postuan amaituko du liga, eta, ondo bidean, Txapeldunen Liga jokatuko du

Julen Etxeberria.
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Egun historikoa izan zen atzo Bidasoarentzat, balentria egin baitzuen. 26-28 irabazi zion Logroñori haren pistan, eta, beraz, bigarren amaituko du liga, azken jardunaldian zernahi gertatzen dela ere. Hots, ondo bidean, datorren denboraldian Txapeldunen Ligan aritzeko gonbita jasoko du. Historikoa litzateke, duela 23 urte jokatu baitzuen azkenekoz Europako kluben arteko lehiaketa nagusia.

Irungo taldeak datorren larunbatean jokatuko du sasoiko azkeneko partida, Artalekun, Cuencaren aurka. Festarako eguna izango da. Etxean eta etxekoekin ospatuko du denboraldi historiko honetan egindakoa. Ondo merezitako omenaldia izango da, mugarriz mugarri aritu baita Irungo taldea denboraldi osoan: iazko urte amaieran, Asobal koparako sailkatu zen, lehiaketa hori azkenekoz jokatu eta 22 urte geroago; duela hamar egun, berriz, Europarako sailkatu zen, hamabi urte geroago; eta, atzo, urrats ia erabakigarria egin zuen 23 urte geroago Txapeldunen Ligan aritzeko.

Zirraragarria izan zen Bidasoak nola irabazi zuen atzo Logroñon (Espainia). Sei golengatik zihoan galtzen partida bukatzeko hogei minutu falta zirela: 21-15. Bada, 2-9ko partziala lortu zuen hamar minutuan, eta buelta eman zion emaitzari: 23-24. Halere, 26nakoarekin iritsi ziren azken hiru minutuetara. Baina hor azaldu ziren Bidasoa taldeko bi heroiak: Paco Barthe —defentsan ez ezik, ikusgarri ere aritu zen erasoan, bost gol sartuta— eta Xoan Ledo —hemeretzi geldiketa egin zituen—. Lehia bukaeran, pozez zoratzen ziren irundarrak. Ez da gutxiagorako, handia egin baitute.

Bera Berari asko zaildu zaio

Super Amara Bera Berarentzat, ordea, ez zen egun ona izan. 38-21 irabazi zion Gijoni Bidebietan, baina, irabazteaz gain, Ro'Casak Valladoliden (Espainia) galtzea behar zuen. Bada, Ro'Casak ez zuen huts egin, eta 15-23 irabazi zuen. Beraz, aldaketarik ez da izan sailkapenean: Kanaria uharteetako taldeak lehen postuari eutsiko dio, eta Bera Berak bigarren jarraituko du, bi puntu gutxiagorekin.

Azken jardunaldian erabakiko da dena. Bera Berak aukera bakarra du txapeldun izateko: irabaztea, eta Ro'Casak galtzea, sailkapenean berdinduta geratuz gero gol alde hobea baitute donostiarrek. Baina oso zaila dirudi halakorik gertatzeak. Imanol Alvarezek entrenatutako taldeak ez luke arazo handirik izan behar Alcobendasen (Espainia) garaipena lortzeko, baina Ro'Casak ere partida samurra du: batetik, etxean ariko da, eta, bestetik, arerio apala izango du, Porriño, hamargarren sailkatua eta jokoan ezer ez duen taldea. Datorren ostiralean jokatuko dira bi partidak, 21:00etan.

Zuazok eta Anaitasunak ere atzo jokatu zuten, ezer jokoan ez zutela. 25-23 irabazi zioten barakaldarrek Alcobendasi, eta 27-24 galdu zuten iruindarrek Guadalajaran (Espainia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.