Abiadurari eutsi nahian

Realak bigarren garaipena lortu nahi du jarraian, Espanyolen zelaian. Imanolek deialditik kanpo utzi du Januzaj, eta Barrenetxea sartu du

Mikel Oiartzabal Realeko jokalaria Atletico Madrileko atzelari bat gainditzen, aurreko jardunaldiko lehian. J. C. RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Haizea alde duela aprobetxatu, eta ligako bigarren garaipena lortu nahi du jarraian Realak gaur arratsaldean. Sasoi hasiera ona gehiago ontzea du xede, eta horretarako garrantzitsuak dira Espanyolen aurkako hiru puntuak. Etxetik kanpora jokatuko duen laugarren partida izango da gaurkoa; orain artean garaipen bat, berdinketa bat eta porrot bat izan ditu, eta bere onerako hautsi nahi du berdintasun hori.

Jokalariek dute horretarako ardura. Imanol Alguacil prestatzaileak adierazi du «motorren gisan» daudela txuri-urdinak, eta aldarte hori baliatu nahi du kataluniarrak estu hartzeko: «Espanyol besterik ez dugu buruan, eta intentsitatea eta erritmoa gehitu nahi dizkiogu haren aurkako partidari».

Prestatzaile oriotarrak uste du bere taldea «ondo» iritsiko dela neurketara, eta baikorra da eskain dezakeenarekin: «Horren ondo ikusten ditut jokalari guztiak, berdin baitzait nork jokatzen duen. Guztiek dute ondo aritzekogaitasuna». Alabaina, adierazi du «aurkariaren arabera» erabakiko duela zein jokalari zelairatu, eta iragan astean irabazi izanak ez duela esan nahi Reala jokalari berekin zelairatuko denik. Donostiarren entrenatzaileak deialditik kanpo utzi du gaurko lehiarako Adnan Januzaj, eta Ander Barrenetxea sartu du.

Iragan asteko partida onari, ordea, garrantzia kendu nahi izan dio Imanolek, eta ohartarazi du bere taldeak baduela zereginik: «Asko dugu hobetzeko, oraindik ez dugu ezer egin». Astean zehar horretarako lanean aritu dira txuri-urdinak, eta «akatsak zuzentzen» jardun dute entrenamenduetan: «Taldeak badaki hobetzeko tarte handia dugula, erasoan eta defentsan. Partida garrantzitsua irabazi genuen, baina oinak lurrean ditugu».

Europako ajeei adi

Europa ligako estreinako partida jokatu zuen ostegunean Espanyolek Ferencvarosen aurka (1-1), baina Imanolek uste du kataluniarrek ez dutela horregatik kezkatzeko arrazoirik: «Talde zabala dute, larritu beharrik ez dute. Jokalari onak dituzte, gaitasun handikoak, eta ondo jokatzen dute. Gustuko dut haien jokoa, une batzuetan aurkariak azpiratzen dituzte. Ez dute zorterik». Gaurko partidari Realak baino hiru puntu gutxiagorekin ekingo dio etxeko taldeak.

Gauzak horrela, Espanyolen aurkakoa neurketa «zaila» izango dela nabarmendu du txuri-urdinen prestatzaileak. Alabaina, bere jokalariengan fedea dauka Oriokoak: «Ikaragarria da nola entrenatzen duten». Hala, bere taldearen «jarreran» eta «lanean» konfiantza du Bartzelonako partida aurrera atera eta garaipen batekin etxeratzeko.

ESPANYOL-REALA

Espanyol. D. Lopez; Pedrosa, Calero, J. Lopez, L. Lopez; Vargas, Melendo, Darder, Victor; Calleri, eta Campuzano.

Reala. Moya; Zaldua, Aritz, Llorente, Monreal; Zubeldia, Merino, Odegaard, Portu; Oiartzabal, eta Willian Jose.

Epailea. Cordero Vega.

Lekua. Cornella-Prat (40.500 ikusle).

Ordua. 14:00etan (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.