Irabaztera, zer gerta ere

Eibarrek Girona hartuko du igoera kanporaketako itzulerakoan. 0-1eko errenta izan arren, Garitano ez da fio: «Ligako partida bat bezalakoa da»

Eibarreko jokalariak Gaizka Garitanori entzuten, gaurko partida prestatzeko saio batean, Arrasaten. SD EIBAR.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Behin lezioa ikasita, Eibarrek ez du espekulatuko. Epaileak amaiera iragarri artean dena da posible futbolean. Hargatik, Gaizka Garitanoren taldeak garaipena erdietsi nahi du gaur, zer gerta ere. Girona jasoko du (18:30, Movistar), Lehen Mailara igotzeko estreinako kanporaketako itzulerako partidan.

Eibarrek urrats handia egin zuen joan zen ostiralean, Montilivin irabazita (0-1), baina gaur eman behar du azken kanporaketarako pausoa. Errenta duen arren, hutsetik hastea bezala izango da. Kontuan hartu behar da kanporaketa berdinduta bukatuko balitz luzapenean Eibar igoko litzatekeela, Gironaren aurretik egin zuelako ligan.

Baina ez da fio Garitano entrenatzailea: «Prest gaude partidarako. Badakigu zaila izango dela, eta kanporaketa oso berdindua dagoela, nahiz eta abantailatxo txiki bat eduki. Partida irabaztera aterako gara, urrats txiki bat soilik egin baikenuen». Entrenatzaileak nabarmendu du «ligako partida bat» bezala hartu behar dela gaurko lehia.

Prestatzaileak garrantzi handia eman dio atea hutsean mantentzeari. Deriokoak azaldu duenez, «kanporaketak partida itxiak» izan ohi direlako da hori. Gainera, azaldu du Gironak ondo egokitutako multzoa duela: «Ez dute jokatzeko era aldatuko. Kalitate handiko jokalariak dituzte, azkarrak, eta pazientzia handikoak. Guk geure lana egiten asmatu behar dugu, Eibar on bat ikusteko. Partida luzea da, [Gironak] oso argi du nola jokatu, eta leialak zaizkio horri. Joaneko emaitzak ez du jokatzeko era baldintzatuko». Hori bai, Ipuruan aritzea «abantaila» dela esan du.

Aldaketak ezinbestean

Eibarrek ezingo du joan zen osteguneko hamaikako berbera zelairatu. Alvaro Tejero jokalariari txartel gorria atera zioten joaneko norgehiagokan, eta zigortuta dago. Hargatik, entrenatzaileak zenbait egokitzapen egin beharko ditu taldean. Tejeroz gain, Javi Muñozek eta Oscar Sielvak osatu ezinda segitzen dute, eta ez dira ariko. Kontrara, Garitanok Miguel Angel Atienza berreskuratuko du gaurko partidarako, eta litekeena da hasieratik aritzea.

Eibarrek irabazi egin ditu aurten Gironaren aurka jokatu dituen partida guztiak —ligako biak eta kanporaketakoa—, eta bide beretik segitu nahi du gaur. Ez alferrik, etorkizuna baitu jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.