Jagoba Arrasate

Taldea eta zaleak batu nahi ditu

Ilusioz eta lanean hasteko gogoz dago Jagoba Arrasate. Osasuna ez du faborito ikusten Lehen Mailara igotzeko bidean, baina lehia horretan egotea espero du. Taldearen eta zaleen arteko lotura estutzea du helburu.

Jagoba Arrasate eta Luis Sabalza Osasunako presidentea, atzo,aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jon eskudero
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Joan den astean albistea ofizial egin ondoren, Osasunak atzo aurkeztu zuen datorren denboraldirako entrenatzailea: Jagoba Arrasate. Espainiako Bigarren Mailan egingo duen bigarren sasoiari begira, Iruñeko klubak arnasa berria nahi zuen aulkirako, eta, Braulio Vazquez kirol zuzendariaren esanetan, konfiantza osoa dute Arrasaterengan. «Oso pozik gaude gurekin dagoelako, eta zorte onena opa diogu, denontzat seinale ona litzateke eta». Diego Martinezen aldeko apustuak kale egin eta gero, berriz ere onenen artean ibiltzea du helburu Osasunak, eta xede horrekin hasiko da lanean Realeko eta Numantziako entrenatzaile ohia. Ilusioz eta lanerako gogotsu dagoela nabarmendu zuen, nahiz eta aitortu erronka handia daukala esku artean. «Erantzukizun handiko postua hartu dut, badakit-eta asko eskatuko zaidala. Helburu nagusia izango da taldearen eta zaleen arteko konexioa lortzea».

Jakinduria ez ezik, esperientzia ere lagun izango du Arrasatek Osasunaren aulkian. Realean denboraldi eta erdi egin zuen, lanak bukatzeko aukerarik eman ez eta kargugabetu egin baitzuen Jokin Aperribairen zuzendaritzak. Numantziarako bidea hartu zuen gero, eta hiru sasoi egin ditu han. Lehenengoan, 10. postuan sailkatu zuen taldea, 17.ean gero, eta Lehen Mailara igotzear izan da azken sasoian. «Duela lau urte baino entrenatzaile hobea naiz orain, eta daukadan dena emango dut Osasunaren mesedetan». Izan ere, inoiz Iruñeko klubarekin lotuta egon ez den arren, etxekoa balitz bezala sentitzen da bizkaitarra. «Txikitatik jarraitu izan dut gertutik Osasuna, eta ezagutzen dugun denok badakigu espiritu berezia duela. Horrek erakarri nau gehien. Proiektu honekin bat egitea gauza ederra da».

Sadarreko aulkian esertzea behin baino gehiagotan tokatu zaiola gogorarazi zuen Arrasatek. Bisitarien aulkian, betiere. «Realarekin eta Numantziarekin etorri izan naiz, eta ez dut inoiz irabazterik lortu. Horrek zerbait esan nahi du. Estadio berezia da, eta hemen egoten den giroak ez dauka parekorik». Zaleen berotasuna lortzeko lehen baldintza taldeak ondo erantzutea da, haren esanetan. «Helburua izango da lehen partida irabaztea, alferrik baita epe luzera begiratzea. Partidaz partida joango gara, eta zaleak gustura edukitzea izango da gure lana».

Lehen Mailara igotzeko bidean, Osasuna ez du faboritoen artean ikusten Arrasatek. «Dudarik gabe, hori lortzeko hiru hautagai nagusiak goitik jaitsi diren taldeak dira: Deportivo, Las Palmas eta Malaga. Haien atzetik beste hainbat talde egon gaitezke, eta garrantzitsua izango da luzaroan lehia horretan egotea». Azken hiru urteetan ikasi duena zera da, Arrasateren esanetan: Bigarren Maila oso dela lehiakorra. «Zailtasunez jositako maila da, partida oro irabaztea asko kostatzen baita. Dena den, erakargarri ere horrek egiten du».

Sistema zehatzik gabe

Hain zuzen, partidaren eta aurkariaren araberako joko sistema plazaratuko du Bizkaiko entrenatzaileak. «Nire taldeei beti gustatu izan zaie protagonista eta ausartak izatea, eta Numantzian ere era horretan lortu ditugu emaitza onenak. Osasunan ere posible izango dugu sistema horrekin jokatzea, baina jakin behar da unean uneko jokoa ateratzen». Horregatik, hasieratik ez du inposatuko sistema jakin bat. «Zukua atera nahi diot jokalari bakoitzari eta taldeari. Batzuetan erasora jokatuko dugu, eta besteetan ez. Emaitzek laguntzen badigute, zaleak ere alboan izango ditugu, eta horretan saiatuko gara».

Oraingoz, Osasunak daukan taldea «oso gustuko» du Arrasatek, baina fitxaketak egitea ezinbestekoa izango da. Vazquez kirol zuzendariaren arabera, atezain baten bila ari dira merkatuan, eta orain hasiko dira gainerako lerroak indartzeko lanean. «Lur hartu besterik ez dut egin, eta ikusiko dugu ze jokalari fitxatu. Oraingoz ez dugu gaiaz hitz egin», azaldu zuen Arrasatek. Noski, harrobia ez du alde batera utziko. «Harrobiko gazteak kontuan hartu ohi dituen entrenatzaile bat naiz, eta azterketa sakonak egingo ditut». Oraingoz erabakia dutena zera da: denboraldi-aurrea Taxoaren egingo dutela. «Lehen Mailako azpiegiturak ditu Osasunak, eta hori baliatu beharra dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.