Urrea balio du puntuak

Bidasoa sei golengatik joan da galtzen Tatran Presoven aurka, partida amaitzeko hamabi minuturen faltan, baina gai izan da berdintzeko, 27na

Kauldi Odriozola, jaurtitzear, atzo, Artalekun, Tatran Presoven aurkako partidan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Gutxitan ospatu da horrenbeste berdinketa bat Artalekun Bidasoak atzo Tatran Presoven aurka lortu zuena bezala: 27-27. Baina hala izateko arrazoi bat baino gehiago zegoen: bata, Irungo (Gipuzkoa) taldea gai izan zela neurketako azken hamabi minutuetan sei golen kontrako aldea (19-25) ezerezean uzteko; eta bestea, berdinduz, kanporaketarako sailkatzeko helburuan urrearen balioa izan dezakeen puntua eskuratu duela.

Ezusteko kutsua izan zuen Bidasoak Txapeldunen Ligako estreinako partidan Presoven (Eslovakia) irabazi izanak. 23 urte ziren Irungo taldeak ez zuela Europako kluben arteko lehiaketa nagusian jokatu, eta ikusteko zegoen ea nor baino nor gehiago lehia zitekeen aurkari indartsuagorekin. Bada, ia bi hilabete pasatu dira lehen neurketa horretatik, eta Bidasoak erakutsi du nor baino nor gehiago lehiatu bakarrik ez, edozeini irabazteko gai dela.

Ligaxkako lehen zazpi jardunaldiak jokatuta, multzoaren sailkapena nola dagoen ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko: sailkapenaren buruan daude irundarrak, eta jokoan egon diren hamalau puntuetatik hamabi eskuratu dituzte. Horri esker, oso bideratuta dute sailkapena. Bi puntura dute Savehof —gol alde hobea du Bidasoak—, eta hirura Sporting Lisboa. Hiru talde horiek borrokatuko dira lehen edo bigarren izan eta kanporaketa jokatzeko. Lehia horretan, hala ere, alde handia du Bidasoak. Horrenbeste, ezen astebete barru sailka daiteke, Cocksen pistan irabazi eta Savehofek edo Sportingek kale eginez gero.

Susperraldia azken txanpan

Eta norgehiagoka horretara konfiantzaz gainezka iritsiko da, bi hilabete baitaramatza galdu gabe, Bartzelona ahaltsuaren aurka galdu zuenetik. Hamalau partida jokatu ditu ordutik, eta 11 irabazi ditu, eta hiru berdindu. Atzo ez zuen irabazi, baina garaipen kutsuko berdinketa lortu zuen.

Joan zen asteartean, Granollersen aurkako Asobal ligako neurketan egin bezala, behetik gora egin zuten irundarrek. 42 minutuz aritu ziren ezinean, eta horretan zerikusi handia izan zuen defentsan ohi baino lan askoz eskasagoa egin izanak. Rabekek, Urbanek, Afanou Gatinek eta Stranovskyk min handia egin zieten hasieratik. Hala ere, Rangel Lujan atezaina izan zen Bidasoako onena lehen zatian: 12-15.

Etxekoen susperraldia espero zen atsedenalditik bueltan, baina gora egin beharrean, behera egin zuten. Galduta zirudien partidak. Baina Jacobo Cuetarak hutsartea eskatu zuen, eta entrenatzaileak esandakoek eta etenak Bidasoa suspertu zuten; nola, gainera. Ordu arte ez bezala, estutu egin zuen defentsan, eta asmatu erasoan: bina gol sartu zituzten Crowleyk eta Esteban eta Rodrigo Salinasek, eta bat De la Saludek, Serik eta Renaudek. Artalekuk ere gora egin zuen, eta eslovakiarrak dardarka hasi ziren. Azken baloia izan zuten irabazteko, baina orduan ere dardar egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.