Eta amaieran, eztanda

Bidasoak azken segundoan berdindu du Sportingekin, 32na, eta lehena izango da Txapeldunen Ligako multzoan. Wisla Plock izango du arerio

Julen Etxeberria.
2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Bidasoak Mazedonian jokatuko du hurrengo larunbatean Txapeldunen Ligako C multzoko ligaxkako azken jardunaldiko partida, Eurofarm Rabotniken aurka. Baina neurketa hori jada sobera dago, Irungo (Gipuzkoa) taldeak arin eta fin egin baititu etxeko lanak Europako kluben arteko lehiaketa nagusian: joan den asteburuan, kanporaketarako sailkatu zen, eta atzo, lehen sailkatu gisa jokatzea ziurtatu zuen. Jada badaki noren aurka jokatuko duen: Wisla Plock Poloniako taldearen kontra. Niko Mindegia Doneztebeko (Nafarroa) erdikoa ari da han. Otsaileko azken bi asteburuetan jokatuko dituzte joan-itzulikoak: lehena, Plocken, eta bigarrena, Irunen.

Atzo Artalekun Sporting Lisboarekin 32na berdinduta bermatu zuen Bidasoak lehen postua. Gogotik sufrituta lortu zuen puntu hori. Gogotik sufrituta, azken segundoan Kauldi Odriozolak sartutako gol bati esker berdindu baitzuen. Gol horrek eman zion lehen postua. Gol horrek, halaber, bolada ikusgarriari eusteko balio dio; izan ere, bi hilabete pasatxo darama galdu gabe. Hemezortzi partida jokatu ditu tarte horretan: hamahiru irabazi ditu, eta bost berdindu. Komeni da gogoratzea, taldea egiten ari den lan ikusgarriaz jabetzeko.

«Talde puska, eta multzoko talderik sasoikoena». Hala deskribatu zuen Jacobo Cuetara Bidasoako entrenatzaileak Sporting Lisboa, haren aurka jokatu bezperan. Eta Portugalgo taldeak horixe erakutsi zuen atzo lehia osoan, baina batez ere hasieran: indar betean pistaratu eta partidako lehen hiru golak sartu zituen. Beldurra ematen zuen. Baina De la Salud ez zen kikildu, eta, haren golei esker, eutsi egin zion Bidasoak: 4-5. Bizi-bizi aritu zen Sporting, eta joko horrek min egin zien etxekoei. Baina Cuetarak hutsartea eskatu, jokalariei adi egoteko agindu, eta Bidasoak gora egin zuen, eta buelta eman zion emaitzari: 6-8tik 10-8ra. Defentsan sendo eta erasoan eraginkor arituta, lau golera handitu zuen aldea: 14-10. Goian zen Bidasoa, eta jota zirudien Sportingek.

Baina inor gutxik espero zuenean suspertu zen Portugalgo taldea. Etxekoek defentsan eta erasoan izandako beherakada baliatuta egin zuen gora. Lehenbizi, berdindu egin zuen lehia lehen zatiaren amaieran, hamaseina. Eta, gero, emaitzari buelta eman zion bigarrenaren hasieran: 18-21 zegoen aurretik, hogei minuturen faltan.

Kauldi, azken uneko heroia

Baina Bidasoa ez zegoen amore emateko prest, eta 23na berdindu zuen, ordu laurden eskas falta zela. Kauldi nabarmendu zen tarte horretan. Hurrengo minutuak ezin estuagoak izan ziren, 24na, 25na, 26na, 27na, 28na eta 29na berdindu baitzuten. Huts egiten zuenak garesti ordainduko zuen. Renaud-Davidek eta Esteban Salinasek huts egin zuten, eta Sportingek aprobetxatu egin zuen bi golen aldea lortzeko: 29-31. Azkuek gol bakarrera jarri zuen Bidasoa minutu baten faltan, baina bisitariek erantzun egin zioten. Kolpea itzuli zien Barthek. Rangelen geldiketa batek azken aukera eman zien etxekoei. Eta hor azaldu zen Kauldi, gol ikusgarria sartu, puntu erabakigarria lortu eta Artalekuk eztanda egin dezan. Horrenbeste, ezen hesi bat bat egin erori baitzen, eta zenbait lagun pistara erori. Zorionez, ez zen zauriturik izan, eta festa biribila izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.