Liga beteko neurketak

Realak Cadiz hartuko du, eta Athleticek, berriz, Valentzia. Imanolek eta Marcelinok «jokoan sakondu beharra» azpimarratu dute

David Silva baloia oinetan duela, Granadaren aurkako partidan, Anoetan. Deialdian da berriz. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Erregulartasunaren lehiaketa da liga, eta ustez deus jokatzen ez denean egindakoak saria eman dezake sasoi amaieran. Tankera horretako neurketei ekin beharko diete Realek eta Athleticek, gaur arratsaldean. Bi euskal taldeek etxean jokatu dute: donostiarrek Cadiz hartuko dute (14:00, Movistar La Liga), eta bilbotarrek, Valentzia (16:15, Movistar La Liga).

Liga beteko jardunaldia da bi-bientzat. Halakoxe neurketek txapelketari neurria hartzeko balio izan ohi dute, zer esanik ez norabidea hobetzeko xedez jokatzen direnean. Realaren kasua da; txuri-urdinek urtarrilean ez zuten partidarik irabazi, eta ordukoa irauli nahi du otsailean.

Gain behera etorritako Cadiz menderatu behar du horretarako. Andaluziarrek ondo ekin zioten sasoiari, mailaz igo izanak sortutako aldarte onari segita, baina apur bat makalago ari dira azken norgehiagoketan. Azken bi partidak galduta hamahirugarrenak dira sailkapenean, baina horrek ez dio lasaitasunerako tarterik uzten Imanol Alguacil Realeko prestatzaileari: «Azken partidan, Atletico Madril liderrari neurketa iraultzetik gertu egon ziren. Izugarrizko nortasuna duen taldea da, eta argi izaten dute zelaian zer egin behar duten. Partida zaila izango da».

Teknikari oriotarraren arabera, Realak azken asteetan egin duen «joko bera» egin behar du partida irabazteko. Horixe da falta zaiona; jokatu dituen azken 17 aldietatik bitan soilik lortu du gailentzea. Imanolen ustez, faktore ezberdinek eragin dute bolada txar horretan: «Seguruenik, batzuetan nik ez nuen asmatuko deialdiarekin, hamaikakoarekin edo aldaketekin. Besteetan, aurkariak ondo egingo zuen bere lana, edo aukerekin ez dugu asmatu. Zalantzarik gabe, ordea, orain arteko bideari segi behar diogu, kontrarioak baino hobeto aritu garelako».

Ur aparretan segitzea xede

Realak nola, garaipenaren bidera itzuli nahi du Athleticek ere. Marcelino Garcia Toral prestatzailearen etorrerak suspertze betean jarri du Bilboko taldea, Espainiako Superkopa irabazi eta Kopan finalerdietarako sailkatuta. Bada, une on hori ligan betikotu nahi dute zuri-gorriek Valentziari irabazita.

Teknikariak ondo ezagutzen duen taldea da Herrialde Katalanetakoa, haien zuzendari izan baitzen orain urte eta erdi arte. Hargatik, talde ohiarekiko duenezagutza baliatu nahiko du hiru puntuak eskuratu eta sailkapenean koska bat igotzeko. Dena den, ez da neurketa erraza izango, Marcelinok berak prentsaren aurrean adierazi duenez: «Oso jokalari onak dituzte, eta kontuz aritu beharko dugu».

Azken jardunaldietako hobekuntza finkatu nahi du Athleticek, nahiz bost partidetatik bi soilik irabazi dituen. Jokoan sakondu nahi dute Marcelinoren jokalariek, prestatzaileak azaldu duenez: «Bikain gaude aldarte aldetik. Aldaketa batzuk egingo ditugu, astean zehar kopan aritu garelako, baina irabaztea izango da gure helburu bakarra. Xede askoko partida».

Deialdietan, aldaketak

Realak eta Athleticek ezingo dute zelairatu joan zen asteko hamaikako bera. Txuri-urdinei dagokienez, Robin Le Normandek partida bateko zigorra du, eta ez da ariko. Bretainiako atzelaria ohikoa da Imanolen hamaikakoetan, eta Modibo Sagnanek bete dezake haren hutsunea. Aldiz, David Silva eta Igor Zubeldia osatu dira, eta deialdian sartu ditu Imanolek.

Athleticek ere jokalari garrantzitsu batzuen falta izango du. Raul Garcia da horietako bat; nafarra ia beti aritu da Marcelino heldu denez geroztik, punta erdi lanak egiten aurrelari lekutik abiatuta, baina zigortuta dago.Iker Muniainek eta Asier Villalibrek, berriz, arazo fisikoak dituzte, eta ez dira ariko. Eta Nico Williams ez da deialdian izango, hasieran hala bazen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.