Galtzen ez den hori

Bengoetxeak VI.ak eta Arangurenek bigarren puntua batu dute Binakako Txapelketan, Urrutikoetxeari eta Imazi aise irabaziz (22-11)

Bengoetxea pilota astintzen, atzo, Markinako pilotalekuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Artista beti artista. Adinean aurrera joanda ere. Pilota enpresek erdi bazterrerera utzita ere txapelketetan. Daukanak beti edukiko du, eta Oinatz Bengoetxeak asko dauka. Bizia, abila, azkarra, bizkorra. Azeriaren sena du aurreko koadroetan, eta atzo, azeriak jan egin zituen otzan aritu ziren Urrutikoetxea eta Imaz. 22-11 gorrien alde Markinan, eta Arangurenekin batera, bigarren puntua bikotearentzat. Bizirik jarraitzen dute Binakako Txapelketan.

Irabazi beharra zeukaten. Bai urdinek ere, atzerago zituzten aurkariak ia behin betirako atzean uzteko; kontrario bat gutxiago kanporaketetan sartzeko. Baina usteak erdia ustel Urrutikoetxea eta Imazentzat, bestelako kontu alaiagoekin pentsatzeko aukera eduki bazuten ere 5-8 aurreratu zirenean. Hiru tantoko koska handia izan zelako hasiera borrokatu eta berdinduaren ondoren: bost bider egon ziren ados bi bikoteak (1-1; 2-2; 3-3; 4-4 eta 5-5). Pilota aldaketa batek eman zien aukera tartea zabaltzeko; mugitzen zailagoa zen bat atera, eta Aranguren deseroso aritu zen. Orduan esan zion Bengoetxeak, azeria artzai lanetan jarrita: «Aitor, lasai, ezin baduk gozatu, ez galdu pilotarik behintzat». Esan eta egin atzelari gazteak.

Imazek bi kale eginda, eta Bengoetxeak tanto bat airez, seigarren berdinketa ezarri zuten markagailuan gorriek: 8-8. Ondoren gertatu zena azaltzeko ez da kalkulagailu berezirik behar: 14-3ko partzialarekin, 22raino joan ziren Bengoetxea eta Aranguren. Atzaleriak sendo jokatuz, eta aurrelariak beti artista izango dela erakutsiz. 11 tanto egin zituen denera, hiru bakarrik galtzeko. Airez sei, dejadaz hiru, izkina guztiak joz pilotekin. Nahieran ibili zuen Urrutikoetxea, erotu beharrean. Harrapakaria gozamen betean, eta harrapakina, ezinean.

Lanak bukatu eta berehala, agur kutsuko baieztapena Bengoetxeak, ordezkoa baita, atzo koadroko aurrelari onena ematen bazuen ere —Iñaki Artolaren zuloa ari da betetzen—: «Esaten diot Iñakiri lasai hartzeko eta ondo sendatzeko». Ez duela gogorik azeriak txapelketako jana lagatzeko. Segitu nahi duela. «Gozatzen ari naiz, eta ez gaur [atzo] bakarrik, irabazi egin dugula eta. Aurreko partidetan ere gustura ibili naiz». Beste horrenbeste pilotazalea hari begira. Gutxienez, txapelketan aukera merezi zuela ondo erakutsita joango da, Baiko enpresak hala erabakitzen badu datozen egunetan, osatu samarra behar duelako Artolak.

Datorrena etortzen den bitartean, albisteen esperoan atzoko erakustaldiari so geratzeko moduan da pilota mundua. Bada zer ikusi eta ikasi atzo Bengoetxeak egin zuen lan oparo bezain ederretik.

Goikoak azpikoen aurka

Bi partida geratzen dira bederatzigarren jardunaldiari akabera emateko. Gaur, Tolosan, Elezkano II.a eta Zabaleta lehen sailkatuek Jaka eta Martija azken sailkatuak izango dituzte parean. Bihar, Zestoan, Altuna III.a-Mariezkurrena —bigarren doaz— bikoak Ezkurdia-Ladis Galartza —seigarrenak dira— izango ditu kontrario.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.