Ilusioa dute indar

Kopa alde batera utzi, eta Valladoliden jokatuko du gaur Athleticek ligan. Ez dago argi Garitanok hiru erdiko atzelarirekin jokatuko duen

Athleticeko Iñaki Williams, jaurtiketa bat egin nahian, inguruan Vila-realeko hiru jokalari dituela. ARITZ LOIOLA / FOKU.
haritz gallastegi
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Granadako partida jokatu zen. Ondorengo ospakizunak ere egin ziren. Athletic Espainiako Kopako finalerako sailkatu da. 39. aldia izango du. Hilabete pasatxo barru jokatuko den euskal derbia burutik kentzea ezinezkoa da. Jokalari askorentzat lehen finala izango da. Beste batzuek eskarmentua dute halako neurketetan, baina final bat irabazi gabeak dira. Titulu bat baino gehiago izan, etaerretiroa hartu aurretik beste bat lortu nahi duenik ere bada. Finean, finalari bizkarra emanda bizitzea ezinezkoa da. Inguruan beste konturik ez dago.

Baina Athleticentzat ez da ona etengabe apirilaren 18ko partidari begira egotea. Gaizka Garitanok berak argi utzi zuen atzo hori, Valladoliden aurkako lehiaren atariko agerraldian. «Lehentasuna liga da. Oker geundeke Kopan pentsatuko bagenu. Jokalariei argi utzi diet».

Finalera baldintza onetan iristeko, ezinbestekoa izango da asteburuero ligan lan ona egitea. Gaur izango dute horretarako lehen aukera, Valladoliden. Garaipenek ematen duten konfiantza baino indar handiagorik ez dago datozen erronkei aurre egiteko. Gainera, emaitza bolada txarraren ondoren, Athleticek puntuak bildu behar ditu, bide onean doala ziurtatzeko.

Ligan, beraz, lanean segitu behar du. Talde zuri-gorria sailkapenaren erdialdean dago egun. Gauzak nola dauden aintzat hartuta, erdibidean geratzeko arriskua dauka. Gora begiratuz gero, Europako postuak gura baino gehiago urrundu zaizkio. Beraz, onenen artera itzuli gura badu, sasoiaren azken txanpa ikusgarria egin beharko du. Bestalde, sei onenen artean sailkatzeko borrokan egongo den talde multzoarekin bat egiteko ahalmenik ez badu, denboraldia arazo barik amaitzea izan beharko litzateke helburua. Ildo horretan, Vila-realen kontra eskuratutako garaipenak arnasa eman dio. Jaisteko postuetan dauden taldeak urrun daude, baina orain arte eskuratutako puntuekin ez luke nahikoa izango mailari eusteko. Bistan da Athleticek arrazoi asko dituela Valladoliden kontra gogotsu zelairatzeko.

Etxean hiru garaipen

Aste barruan intentsitate eta presio handiko norgehiagoka jokatu izanak kalte egin diezaioke. Athleticen dohain nagusia intentsitatea da. Talde langilea da, eta fin egon behar du aurkariak estu hartzeko. Hau da, indarrak lagundu egin behar dio. Valladolidek badaki hori. Pentsatzekoa da, zaleen babesarekin, hasieratikahaleginduko dela Athletic estu hartzen. Izan ere, Sergio Gonzalezen taldeak puntu premia dauka. Talde zuri-gorriak baino bost puntu gutxiago ditu. Beraz, jaisteko postuekiko alde ona dauka, baina, pare bat neurketatan kale egiten badu, mailari eusteko borrokan dauden taldeen multzoan sartuko litzateke. Etxeko partidetan talde lehiakorra da Valladolid. Bi neurketa baino ez ditu galdu Zorrillan. Baina hirutan atera da soilik garaile.

Athleticen inguruan, Garitanok erabiliko duen jokamoldea da zalantza nagusia. Etxetik kanpo erdiko hiru atzelarirekin jokatzeko ohitura hartu du, baina ez da oso eraginkorra izan. Zelai erdia indartuta, talde orekatuagoa dela dirudi. Bestalde, jokalari batzuei freskotasun falta nabari zaie. Aukera ona izan daiteke Yeray, Raul Garcia, Yuri eta halako jokalariei atseden emateko.

VALLADOLID-ATHLETIC
Valladolid Masip; Moyano, Olivas, Salissu, Carnero; Plano, Joaquin, Alcaraz. Toni Villa; Sandro eta Enes Unal.
Athletic. Unai Simon; Lekue, Nuñez, Iñigo, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez; Ibai, Muniain, Cordoba; eta Williams.
Epailea. Munuera Montero. Lekua. Jose Zorrilla (15.000 ikusle).
Ordua. 14:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.