Badituzte helburuak

Athleticek Elx hartuko du San Mamesen. Betisen zelaian arituko da Osasuna. Bi taldeek Europako postuetara gerturatzea dute xede

Yuri Bertxitxe Athleticeko jokalaria, Getafeko bi jokalariz inguratuta, azken partidan. ARITZ LOIOLA FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Bederatzi partidaren faltan, sailkapenaren erdialdean daude Athletic eta Osasuna. Ez hotz, ez bero. Eurokopako postuak zortzi eta hamar puntura dituzte, hurrunez hurren; jaitsiera postuak, berriz, hamabostera eta hamabira. Hala, zuri-gorriek eta gorritxoek helburu garbia dute: liga ahalik eta postu onenean bukatzea.

Sasoi hasieratik Europan sartzea dute xede bizkaitarrek, eta, helburua bizirik mantentzeko, San Mamesen Elxi irabazi beharko diote gaur (14:00, Movistar LaLiga). Aukeran, jardunaldi gutxiegi geratzen zaizkie Marcelino Garciarenei zortzi puntuko errenta jan eta seigarren —edo zazpigarren, Espainiako Kopako garailearen arabera— postu preziatu hori eskuratzeko. Halere, teknikari espainiarrak gaurko partida bakarrik du buruan: «Elxi irabazteko, Getaferen aurkako hutsetatik ikasi eta gauzak ondo egin beharko ditugu».

Herrialde Katalanetako taldea uste baino erosoago ailegatu da denboraldiko azken txanpa honetara. Lehen neurketetan gaizki aritu zen, baina, abenduan Francisco Rodriguezek taldearen gidaritza hartu zuenetik, asko aldatu da Elx. Gauzak zail jarriko dizkiela seguru da Marcelino

Gakotzat jo du defentsan ondo aritzea: «Gola sartzea asko kostatzen zaigu. Hori horrela, atzean sendoak izanez gero. irabaztetik gertuago egongo gara».

Deialditik kanpo gelditu dira min hartutako Iñigo Martinez, Dani Garcia eta Iñigo Lekue; baita zigortutako Yeray ere. Jokatzeko prest daude Nico Williams eta Oihan Sancet.

Plaza zailean arituko da, berriz, Osasuna: Benito Villamarinen, Betisen zelaian. (16:15, Movistar LaLiga). Nafarrek aurreko jardunaldian bete zuten mailari eusteko helburua, Sadarren Levanteri irabazita. Batere presiorik gabe, baina betiko gogoekin irabaztera zelairatuko direla azpimarratu zuen atzo Jagoba Arrasatek: «Oraindik liga laurdena geratzen da. Behin baino gehiagotan ikusi dugu, gainera, gure onena ematen ez badugu ez garela lehiakorrak. Helburu asko dauzkagu aurretik, baita sailkapenari begira ere. Postu oso onean gaude, eaeustea lortzen diogun».

Betis sasoi aparta ari da osatzen. Baina azken partidetan Europa, Kopa eta Liga uztartzeak dakarren nekea sumatzen hasia da Manuel Pellegriniren taldea. Nafarrei aurre egiteko, gainera, ez ditu taldean funtsezkoak diren hiru jokalari izango: Sergio Canales, Nabil Fekir eta Borja Iglesias. Bajak baja, talde zitala da Espainiakoa: «Egia da sona handiko jokalariak falta zaizkiola. Baina, halere, oso talde ona da Betis. Baloiarekin, kontraerasoan... modu askotan sor dezake arriskua». Berriatukoak baloiarekin «solte» ikusi nahi du bere taldea.

Bigarren Mailan, berriz, Reala B-k kolpea hartu zuen, Alcorconen aurka 2-4 galdu ostean. Realak bi jokalari gutxiagorekin jokatu zuen 40. minututik, epaileak aurrena Andoni Zubiaurre eta gero Alex Sola kanporatu baitzituen. Jon Karrikaburuk ere penalti bat huts egin zuen. Xeber Alkainek sartu zituen txuri-urdinen bi golak. Amorebieta, berriz, 3-1 gailendu zitzaion Ibizari. Mikel San josek, Gorka Guruzetak eta Koldo Obietak sartu zituzten bizkaitarren golak. Eibarrek Mirandes hartuko du gaur Ipuruan(18:15).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.