Uholdeak Tafallan

Lokazpetik zutitzen

Kalte ugari eragin dituzte Zidakos eta Sansoain ibaietako uholdeek Tafallan eta inguruko herrietan. Atarrabiako gazte bat hil da Ezporogin, urak harrapatuta. Garbiketa lanetan, auzolanean jarraitzeko deia egin du Tafallako Udalak

Ion Orzaiz.
Tafalla
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun

Atea erauzita, barrenak agerian ditu Zidakos ibaiaren ertzean botatako hozkailu zaharrak. Zuria zen atzo arte; orain marroia, lokatz lehorrak estalita. Haur talde bat hurbildu eta barruan begiratu dute, altxorren bat gordetzen ote duen ikusteko. Panpina bat aurkitu dute aldamenean, baina segituan bota dute: faltan du eskuineko besoa. Mutiko batek oihu egin die besteei, pozik: «Aizue, hemen Nintendo bat dago!». Berehala ilundu du kopeta, ordea, lohiak estaltzen baitu jokoak sartzeko zirrikitua ere. Iseka egin diote gainerakoek. Tafallan, neska-mutikoak dira irri eta jolas egiteko aldartez dauden bakarrak.

Helduek beste nonbait dute begirada, eta burua, bakoitza bere ezbehar txiki nahiz handietan galduta. Astelehen gaueko uholdeen biharamunean, kalteak neurtzeko garaia iritsi zaie Tafallako eta inguruko herrietako bizilagunei (Nafarroa). Oraingoz, kalte material zenbatezinak utzi ditu ezbeharrak, eta 25 urteko gizon baten bizia ere eraman du.



Tafallako Martinez de Espronceda kaleko Urvaca burdindegiko langileak palakadaka ari dira lokatza dendatik ateratzen. «Nire bizitza osoa eman dut hemen lanean, eta orain horrela ikusteak barrua apurtzen dit», esan du Puy Ainzuak, negar malkoei eutsi ezinik. «Ordu gutxitan, dena suntsituta gelditu zen». Astelehen iluntzean bertan jakin zuen Ainzuak ura burdindegian sartu zela, Whatsapp mezuen bidez: «Sakelakoan jaso nituen lehen bideoetan jada ikusten zen urak nola leherrarazi zuen dendako erakusleihoa; zuzenean ari ginen ikusten, baina ezin genuen ezer egin. Ezintasun handia sentitu nuen».

Burdindegian pilatutako lokatza kiloka atera eta oraindik erabilgarri den materiala gordetzeaz gain, argazkiak ateratzen hasi da Anzua, galderei erantzuten dien bitartean. «Aseguru etxeari emateko dira», azaldu du. «Ez dakigu zer ordainduko diguten eta zer ez, hona ez baita periturik etorri, baina badaezpada... Oraintxe bertan, ez dakigu ezertxo ere».



Urvaca burdindegitik metro gutxira bizi da Silvia Partida. Haren etxean ez da ura sartu —lehen solairuan bizi da—; bai, ordea, ezkaratze ondoan duen etxabean. Martinez de Espronceda kalean, ibaiak ia hiru metroko garaiera hartu zuen, eta etxabe guztiak irentsi zituen. «Oso azkar gertatu zen dena», gogoratu du Partidak. «Une horietan ezin duzu erreakzionatu. Blokeatuta gelditzen zara, zer egin ere ez dakizula». Autoa, Citroen C4 Picasso urdin bat, etxe ondoan aparkatuta utzi zuen, eta konturatu zenerako, ez zegoen han: «Ibaiari so eman genuen arratsalde osoa, eta, bat-batean, autoak ikusi genituen ur gainean dantzan, zuhaitzetako hostoak balira bezala». Zegoen tokitik hamar metrora azaldu zen berea, txiki-txiki eginda eta beste etxe bateko garajean sartuta.

Behe solairuko etxebizitzek izan dute kalte larriena. Bizilagunek orduak eman dituzte altzariak kalera ateratzen eta sukalderaino sartutako lokatza garbitzen. Atzo, etxebizitza horietako bat hutsarazi zuen Guardia Zibilak, uholdeek eragindako kalteen ondorioz, erortzeko arriskuan zegoelakoan. Oraingoz, ingurua hondamendi eremu izendatzeko galdea egin dute Tafallako Udalak eta Nafarroako Gobernuak.



Bizilagun asko kexu azaldu dira, astelehenean ez zutelako izan «ezertarako astirik». Horren inguruan mintzatu da Tafallako alkate Jesus Arrizubieta ere: «Gustatuko zitzaigukeen ibaiaren ertzean dauden auzoetako bizilagunak ohartaraztea, autoak atera eta kalte materialak ahalik eta gehien murrizte aldera, baina dena gertatu zen aitaren batean». Zidakos ibaiaren ur maila 11 zentimetrotik 5,75 metrora igo zen sei orduan. Alkatearen esanetan, udalak abisua jaso zuenerako, ibaia gainezka egiten ari zen.

Atarrabiako gazte bat, hilik

Dei hori jaso eta berehala, lanean jarri ziren Nafarroako Suhiltzaileak, Babes Zibila eta Foruzaingoko erreskate taldeak. Baita eskualde osoko boluntarioak ere. Horien guztien lana ezinbestekoa izan zen, batez ere, uholdeek harrapatutako pertsonak erreskatatzeko. Urak bakartuta utzi zituen, adibidez, Mercadona saltokiko beharginak eta baratzeetan lanean ari ziren hainbat. Batzuek txabolen gainera igota egon behar izan zuten laguntzaren zain. Bizilagunak eta boluntarioak joan zitzaizkien erreskatera, 4x4 autoekin. Laguntza, baina, ez zen denengana garaiz iritsi. Ezporogin, Atarrabiako gazte baten gorpua aurkitu zuen atzo Foruzaingoak.



Autoan zihoan 25 urteko gaztea, uholdeak harrapatu zuenean. Gazteak larrialdietara deitu zuen 20:30ean, bere autoa urak zeramala eta barruan harrapatuta zegoela jakinarazteko, baina foruzainak bertaratu zirenerako, beranduegi zen. Ehun bat metrora aurkitu zuten haren gorpua. Moriones eta Gardelain artean gertatu zen ezbeharra, Ezporogi udalerritik gertu.

Antza, autotik irtetea lortu zuen, baina uraren indarrak eraman zuen, eta hil egin zen. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, foruzainak ezin izan ziren lehenago joan, inguru horretan ur handia pilatu zelako. Atzo goizean erreskatatu zuten gorpua, helikoptero bidez.

Auzolanerako deia

Garbitze lanak bizkortze aldera, auzolanean jarraitzeko deia egin die Tafallako Udalak herritarrei. «Ekarri palak, erratzak, eskorgak, eskularruak eta abar», adierazi dute, sare sozialen bidez zabaldu duten ohar batean. Uholdeen ondorioei aurre egiteko, «laguntza oro ongi etorria» izango dela nabarmendu dute.

Hala ere, bada udalaren deiari zain egon gabe auzolanari ekin dionik ere. Ezbeharrak Tafalla inguruko eskualdea jo zuenetik, elkartasun keinuek ez dute etenik izan. «Astelehen arratsaldetik jo eta jo ari zait sakelakoa», dio Luis Usozek, Mairagako Mankomunitateko beharginak. Tafallan, Erriberrin, Beiren eta Pitillasen, urak eramandako edukiontziak jasotzea eta bidea garbitzen laguntzea egokitu zaio. Lanean ari zen atzo, baina jaieguna izan balitz ere laguntzera «berdin-berdin» joanen zela esan du: «Ezbeharraren berri izan eta berehala, lantalde osoa prest azaldu da lanera etortzeko. Oporretan zeudenek ere izena eman dute».



Gogo bertsuekin hitz egin du Jaione Amilibia Tafallako bizilagun eta AEK-ko euskaltegiko irakasleak ere. «Panorama latza dugu herrian, urak sekulako kalteak eragin dituelako. Guri ez zaigu ezer gertatu, baina laguntzera etorri gara, erratzekin. Espaloiak garbituko ditugu sikiera. Guri gertatu izan balitzaigu, gustatuko litzaiguke norbaiten laguntza jasotzea». Laguntza fisikoaz gain, jendeak «sostengu animikoa» behar duela uste du: «Besterik ezean, hurbildu eta jendea besarkatu. Eskertzen dira halakoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.