Osasuna eta hizkuntza uztartzeko ezagutza bila

Lehen uzta eman du EHUren eta UEUren 'Hizkuntzen kudeaketa: Euskara Komunikazio Klinikoan' graduondoak. Bi eremuen arteko zubiak eraikitzea du helburu, baita ikerketa bultzatzea eta aplikatzea ere.

Osasunari eta hizkuntzari buruzko ikastaroa, atzo, Bilbon; irudian, eserita dago Zarate, ezkerretara. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Nola txertatu euskararen erabilera osasun sisteman? Urte askoan galdera horrek ezina eragin izan du hainbat langileren eta erabiltzaileren artean, baina horren inguruan kezka dutenek beste ikuspegi batetik heldu nahi diote orain auziari. Akademiaren eta osasun jardunaren arteko zubiak eraikitzeko, Hizkuntzen Kudeaketa: Euskara Komunikazio Klinikoan graduondoa abiatu zuten iaz EHUk eta UEUk, eta lehen kurtsoaren ebaluazioa aurkeztu zuen Jon Zarate zuzendariak atzo, gaiari buruz EHUk antolatutako udako ikastaroan. Nabarmendu du ezagutza sortzea dela xede nagusia: «Ikerketa behar da, ebidentzia».

Zaratek onartu du osasun arloan «ikuspuntu okerra» izaten dela maiz hizkuntzaz: «Osasungintza ebidentzian oinarritutakoa da, pertsonetan ardaztua eta egoera administratibora eta ingurunera egokitua; hiru baldintza horiek ez dira normalean betetzen, ez delako serioski hartzen hizkuntzaren rola kalitatezko arreta soziosanitarioan. Graduondoan ebidentziak sortu nahi ditugu, ezagutza hori osasun langileei helarazteko».

Hala ere, osasun administrazioaren egitura eta jarduna oso konplexuak direla nabarmendu du, eta, ildo horretatik, paradigma aldaketa bat proposatu du: «Askotan, euskara planek ahaztu egiten dituzte osasun sistemaren berezitasunak: hizkuntzaren kudeaketa eremu administratiboetako ohiko planetara mugatzen dute, euskara teknikariei ardura handia jartzen diete... Graduondoarekin, ikuspegi hori aldatu nahi dugu: euskara planen ardatzean osasun profesionalek egon behar dute, hizkuntzaren arloan nola jokatu aztertzen, oinarri hartuta zer den kalitatezko arreta eredu biopsikosozialean».

Ekarpena, ebidentziatik

Horretarako, ikerketa sustatu nahi dute, «sortutako ebidentzia horretatik ekarpenak egiteko, adibidez, Osakidetzaren etorkizuneko euskara planean». Emaitzak ikusten hasi dira jada: euskara planerako hainbat proposamen eztabaidatu dituzte; ikasle batzuek erabaki dute arloan doktore tesia egitea, eta graduondoko lan batzuk martxan jarri dituzte, esaterako, Galdakaoko ospitalean (Bizkaia)... Baikor mintzatu da Zarate: «Urte batzuen buruan, Osakidetza munduan liderra izan daiteke hizkuntza kudeaketan».

Graduondoa 2019-2020ko ikasturtean egin zuten lehen aldiz, hamazazpi ikaslerekin; abenduan irekiko dute bigarren aldian matrikulatzeko epea, eta ikasle batzuek jadanik agertu dute interesa. «Ikasleen artean badago masa kritiko oso sendo bat». EHUko Euskara errektoreorde ere bada Zarate, eta, ardura horretan, gertutik ezagutu du Medikuntzako gradu ikasketak euskalduntzeko ikasle mugimendua: «Urteetako prozesu bat izan da, konfiantza sortzekoa eta harremanak sendotzekoa. Eta gure sua izan dira ikasle horiek: pausoak emateko exijitu digute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.