Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Azken uneko suziria

Roglicek irabazi du mendatean bukatzen zen lehen etapa, hautagaien arteko esprintean nagusituta. Alaphilippek jarraitzen du lider. Landa, bederatzigarren

Azken uneko suziria.
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Primoz Roglicek (Jumbo Visma) altxatu zituen besoak Frantziako Tourreko lehen bukaera aldapatsuan. Ez zen alde handirik espero lehen mailako Orcieres-Merletten (7,1 kilometro eta %6,7ko pendiza), eta bete egin ziren iragarpenak. Faboritoen arteko esprintean erabaki zen etapa, eta esloveniarra izan zen azkarrena. Gaur egun, ez dauka parekorik halako amaieretan. Eraso gogorra jo zuen azken metroetan, eta gurpiletik aise atera zituen aurkari guztiak. Garaipenaz gain, hamar segundoko mokadua ere ahoratu zuen, gainsariei esker, eta hirugarren jarri da sailkapen nagusian. Buruan Julian Alaphilippek (Deceuninck) jarraitzen du, lidergoari tinko eutsi eta gero. Mikel Landa (Bahrain), berriz, bederatzigarren izan zen, irabazlearen denbora berarekin. Arabarra bide onean doa oraingoz.

Batik bat, Luis Ocañak 1971n egindako erakustaldiagatik da ezaguna Orcieres-Merlette. Bertan, ia bederatzi minutu atera zizkion espainiarrak Eddy Merckxi. Beste garai batzuk ziren, eta atzo epikaren eta zirrararen arrastorik ere ez zen izan. Dauphinen ikusitakoaren nolabaiteko errepikapena izan zen: Jumbo Vismak erritmo bizia jarri zuen azken igoeran, eta Wout van Aerten eta Sepp Kussen lanari ginga jarri zion Roglicek. Aurkariak ezustean harrapatzen ahalegindu zen Guillaume Martin (Cofidis), baina esloveniarra aise iritsi zen bere gurpilera, eta indarrez abiatu helmugarantz. Tadej Pogacar (UAE) izan zen harengana apur bat hurbildu zen bakarra, eta bigarren postua eskuratu zuen. Martin izan zen hirugarren. Egan Bernalek (Ineos) ahulezia zantzuak erakutsi zituen, onenekin batera sartu zen arren. Emanuel Buchmanek (Bora), berriz, bederatzi segundo galdu zituen, eta 28 Richard Carapazek (Ineos).

Atzo ere azkar batean sortu zen ihesaldia, lasterketa hasi eta berehala. Sei txirrindularik osatu zuten: Alexis Vuillermozek (Ag2r), Tiesj Benootek (Sunweb), Quentin Pacherrek (Vital Concept), Mathieu Burgaudeauk (Total Direct) eta Nils Polittek eta Krists Neilandsek (Israel). Berehala lau minututik gorako aldea lortu zuten, baina aldea behera egiten hasi zen Deceuninck lanean hasi ahala. Remy Cavagna eta Tim Declercq zintzo aritu ziren berriro Julian Alaphilippe liderraren mesedetan. Haien atzean, Jumbo Vismako txirrindulariak ageri ziren; buruan ez zegoen Ineosen arrastorik.

Aurrekoak bidea egin ezinik zebiltzan. Tropela ia beti hiru minututik behera edukita, oso zaila zuten etapa garaipenarekin amets egitea. Gauzak hala, bakarkako saiakera egin zuen Polittek eguneko lehen mendatea igo ostean; beste horrenbeste egin zuten geroago Vuillermozek eta Pacherrek. Ordea, eraso horiek ez zuten seikotea zatitu. Hobe zuten batera iraun eta indarrak metatu, azken 40 kilometroei begira. Hor zegoen mamia, hirugarren mailako bi mendate eta bukaerako Orcieres-Merletterekin. Azken txanpa horretan sartzean, tropeleko aginte makila askatu zuen Deceuninckek, eta geldialdia izan zen tropelean. Laguntza nahi zuen Alaphilipperen taldeak, baina ez zen erantzunik izan. Zabal-zabal eginda ziren txirrindulariak, eta azkenean, berriz ere ekina hartu zuen talde belgikarrak.

Eraso bakarra, Rollandek

Ihesaldia azkar aletu zen. Lehenik, erorikoa izan zuen Benootek, eta gero, maldan gora ezinean gelditu ziren Politt eta Burgaudeau. Neilandsek, aldiz, indarrez jo zuen, eta atzean utzi zituen Vuillermoz eta Pacher. Letoniarrak bakarrik iritsi nahi zuen azken mendatearen magalera, baina apur bat lehenago irentsi zuen tropelak. Bizi-bizi gerturatu zen Orcieres-Merlettera, Kasper Asgreenen (Deceuninck) gidaritzapean. Bakandua hartu zuen multzo nagusiak danimarkarraren estutuaren ondorioz.

Behin azken igoerara iritsita, Pierre Rolland (Vital Concept) izan zen eraso egin zuen bakarra. Ez zen urrutira iritsi, ordea. Jumbok abaila batean eraman zuen taldea, eta faboritoak ez ziren zuhaitza astintzen ausartu.

Gaur esprinterren txanda izango da berriro, Gap eta Privas artean jokatuko den etapan. 183 kilometroko ibilbide laua du. Laugarren mailako bi mendate dira zailtasun bakarrak. Bukaerak goranzko joera izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.