«Gero eta gehiago gara»

Milaka pertsona bildu ditu Zubietako errauste plantako obrak gelditzeko eskaerak, Donostian

Askotariko banderak eta kartelak eraman zituzten martxara. J. C. RUIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Donostia
2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Asko, eta askotarikoak. Protesta jendetsua egin nahi zuten, lanen bigarren fasea jada abian den arren, oraindik lor daitekeela irudikatzeko: indarra. Eta hainbat esparrutako jendea erakarri nahi zuten, aldarriak sektore ugari batzen dituela erakusteko: aniztasuna. Eta, azkenean, asko eta askotarikoak izan ziren: hamabost eragilek deituta, milaka lagunek berretsi zuten atzo Zubietako errauste plantaren aurkako jarrera, Donostian egindako manifestazioan. «Gero eta gehiago gara. Gero eta gehiagok eskatzen dugu erraustegiaren obrak gelditzeko eta kontratua eteteko».

Aspaldiko partez berokiak armairutik aterata eta aterkiz hornituta iritsi ziren martxako parte hartzaileak Ehunurteurrenaren plazara; euria, haizea eta hotza aurreikusita zeuden, baina ordaina jaso zuten eguraldi albisteen gainetik deialdiari erantzun zioten herritarrek: tantarik ez zen erori manifestazioak iraun bitartean. Antolatzaileen arabera, 10.000 pertsonak parte hartu zuten. Jendetza izan zen kaleetan: adibidez, 25 minutu igaro ziren Easo plazan lehen pankarta sartu zenetik azken manifestaria atera zen arte, eta Askatasunaren hiribidea ere alderik alde hartu zuen martxak.

Hiru pankartak ireki zuten bidea, elkarren jarraian. Erraustegia gelditu! leloa zeraman lehenak; Badago alternatiba! esaldiaren bidez, sindikatuen eta lan eremuko eragileen mezua bildu zuen bigarrenak; Ekonomia zirkularra ez da errausketa zioen hirugarrenak. Haien atzetik, herritarrak, eta, tarteka, aldarriak. Manifestazioa Bulebarrera heldu zenean ozendu ziren oihuak: «Erraustegirik ez, ez Zubietan ez inon». Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanori ere igorri zioten mezua: «Olano, entzun herriak zer nahi dun». Alderdi Ederren amaitu zen martxa; oraindik Bulebarrean zeudenen aldarriak entzuten zirela abiatu zuten manifestazio bukaerako ekitaldia.

Argudioak, aletuta

Asko eta askotarikoak dira, era berean, Zubietako planta geratzeko arrazoiak, protestaren antolatzaileen ustez. Oholtzara igo ziren deitzaileak, banaka, argudio horiek aletzera. Plantaren kontratuak iraungo duen 35 urteetan Gipuzkoako udalak «zorpetu» egingo direla nabarmendu zuen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak: «Eta herritarrontzat oinarrizkoak diren zerbitzu publikoak eskastu eta murriztuko dira». Parte hartzea aldarrikatu zuen GuraSOSek: «Gipuzkoa osasungarriago eta demokratikoago bat lortzeko garaiz gaude». Errausketa «osasunerako arriskutsua» dela ohartarazi zuen OEIT mediku taldeak. «Diru publikoaren pribatizazioa» gaitzetsi zuten sindikatuek. «Bizitzak kutsatzen» dituzten proiektu «txikitzaileen» aurka agertu zen Ernai. Eta hondakinak kudeatzeko beste aukera arduratsuago eta iraunkorragoak badaudela azpimarratu zuen Greenpeacek: «Hobeak dira ikuspegi ekonomikotik, eta ingurumenaren eta osasunaren ikuspegitik ere».

Gipuzkoa Zutik mugimenduak, gainera, gogoan hartu zituen Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin GHK-ko arduradun ohiak: «Herritarrontzat kaltegarria den erraustegi bat gelditzea ez da inoiz delitua izango». Partzuergoak bihar ebatziko du Intxaurrandietaren eta Errazkinen aldeko epaiari helegitea jarri ala ez.

Itxaropen mezua ere eman zuten deitzaileek. Gogora ekarri zuten errausketa indarra galtzen ari dela hainbat herrialdetan, eta proiektu zenbait geldiarazi dituztela azken hilabeteetan: Valdemingomezko planta (Madril) itxi egingo dute, Txinan hiru egitasmo geldiarazi dituzte protestek, Mexiko Hiriak uko egin dio erraustegia eraikitzeari... «Lorpen gehiago etorriko dira». Lanean jarraitzeko deiarekin amaitu zuten ekitaldia: «Guk ere lortuko dugu: hemen ere posible da, eta oraindik garaiz gaude. Aukera ditzagun hondakinen arazoa konpontzeko beste bide batzuk. Jar ditzagun abian osasuna, ingurumena eta herritarren interesak lehenesten dituzten alternatibak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.