Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Jokoa ez da errenta

2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Arautzeko asmoa. Apustu etxeen iragarkiak tabakoarenen pare arautzeko borondatea agertu zuten ostegunean Espainiako Gobernuak eta Podemoseko ordezkariek. Azkenean hartu ei dute kontzientzia negozio horrek Espainiako komunikabideetan eragiten duen inbasioaz eta kalteez. Iragarkiek gizartean idolotzat diren talde edo pertsona publikoen aurpegia daramate maiz: futbol taldeak (Athletic, Osasuna, Alaves...), kirolariak (Nadal, Ronaldo, Pique...), aktore eta aurkezleak (Coronado, Sobera...). Teknikarik erasokorrenak eta ez-etikoenak irrati-esaleen (Manolo Lama, Pepe Domingo Castaño, Manu Carreño...) eskutik datoz. Futboleko berriketak aholku pertsonalez jantzitako iragarkiekin nahasten dituzte; aberastasuna eta zoriontasuna agintzen digute, egiazki ludopatiarako eta hondamendi pertsonalerako bidea izan daitekeena. Honetaz gero, presioak ez dira makalak izango araudirik ez ezartzeko edo ezartzekotan ere barruz hustuta izateko; izan ere, milioi askoko irabaziak daude jokoan, apustu etxeenak eta irratienak.

Gurean ere bai. Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko kirol emankizunetan ere adi liteke apustu etxeen aldeko publizitatea. Nahiz eta bonbardaketa diskretuagoa izan, eta esatariak ez inplikatu. Zorizko jokoen arloan Eusko Jaurlaritzak dauzka eskumenak, eta hor ere badago zer zuzendua.

Enigma. Onda Vascak ez zuen eskaini Euskal selekzioaren zuzeneko erretransmisiorik. Kuriosoa izan zen: REn eta EIn Gora eta Gora ereserkia adi zitekeen bitartean, OVn Itsas tantak saio bikaina errepikatu zuten, Edu Araujok igandetan (22:00-23:00) prestatzen duena. Ainhoa Pardorekin solasaldia aditu ahal izan genuen, 36ko faxistei Matxitxakon aurre egin zieten euskal marinelen oroimena aldarrikatzen dabilen pertsona, alegia. Nondik ikusita, irabazle atera ginen kontra-programazio horrekin. Nolanahi ere, ez da erraz asmatzen erabakiaren zergatia. Hipotesi batzuk bota ditzaket, aukeran: graziarik ez egitea Euskal selekzioak; ofizialtasunaren alde bai, baina adiskidetasunezko partidak txori-kaka iruditzea; futbolaren irrati-saturazioaren aurkako keinua izatea; etxeko kirol esatariei merezitako jaieguna eman izana, Ligako taldeekin leher eginda daudela-eta; zuzeneko emanaldietarako behar diren bitarteko humano eta teknikorik ez edukitzea ilunabar horretan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.