Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Librean eta ofizialean

2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Plus, Minus Futboleko liga profesionalak negozioa astegunetara zabalduz, hazi egin da euskal taldeen neurketen emanaldiek EITBko irratietan egiten duten inbasioa, ohiko programazioa irauliz. 2017ko azaroan, EITBk Plus-aren oparia eskaini zigun, esanez www.eitb.eus atarian Plus klikatuz ekidin genezakeela futbolaren tirania. Mezua argia zen: futbolarentzat da uhin espazio preferentearen jabetza, konformagaitzak egin ditzala filigranak. Bazterkeria hori onartu behar izan genuenetik bi urte eta piko igaro ostean, ez dakigu baloraziorik egin ote duten irrati arduradunek. Dakiguna da EIk eusten diola Plus aukerari; ez horrela REk azken boladan, eta ez digute arrazoitu zergatia. Kaltetuak, Ganbara saioarekin informatuz eta formatuz oheratu nahi genukeen entzuleak gara. Loreto Larunberen aktualitatearen inguruko erreportajeak eta Jose Luis Fonsecak gidatutako tertuliak ukatzen zaizkigunez, irrati zentralistetara joko dugu askok, ziurren.

Taberna librean hizketan Oheratu aurreko alternatiba intelektualki osasungarria izan liteke Arrosa Irratien Sarera konektatu eta, podcast bidez aditzeko makina bat aukeraren artetik, esaterako, Hankak Lurrin irratsaioari egitea klik. Xabier Arenaza, Iñaki Segurola eta Miel Rodriguezek Azkoitiko Kontrako Eztarrixe irrati librean astero egiten duten ordubeteko hitz aspertua da. Urtarrilaren 31n, Argia sarietako bat eman zietenek aipatu legez, «umore kabroia» eginez politikoki zuzena xaxatzen dabiltza. Artefaktu berezitzat ere jo zuten beren jarduna, eskualdeko bi euskalki uztartuz, AHTa baino azkarrago hitz egiten eta hitanoz.

Azkoititik Donostiara Portzierto, hirukoteko Segurolak, jarraitzen du hilean behin kolaboratzen Arratsean, EIn (joan den ostegunean, azkena). Azkoitiko irrati libretik Donostiako irrati ofizialera egiten duen bidaia geografikoa bezainbat da formala (hiztegia, deklamazioa, testu landuak…). Ariketa polita da alderatzea pertsona berak zenbateko gaitasuna duen erregistroz aldatzeko, miresgarria taberna giroko hitz aspertu librean esan daitezkeenak nola jantz daitezkeen trajez eta gorbataz, bidean prediku probokatzaileak sustantziatik gutxi galduz. Alegia, artista dela, izaera kabroiaren esentziari uko egin gabe, non zauden eta norenganaino heldu nahi duzun jakite kontu horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.