Athletic 5 Reala 1

Osatuta eta osatzeke

Athleticek zazpigarrenez irabazi du Euskal Herria kopa. Hasieratik izan dira nagusi zuri-gorriak, eta Reala kontrakarrean aritu da

Athleticeko eta Realeko jokalariak nor baino nor gehiago, atzoko partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Athletic. Ainhoa Tirapu (Andere, 45'); Sierra, Vanessa Gimbert, Alvarez (Garazi, 45'), Eunate; Marta Unzue; Maria Diez (Ainhoa Moraza, 45'), Erika (Azkona, 67), Maite Oroz (Jone, 45'), Leia (Yulema, 45') eta Nekane (Marta Perea, 59').

Reala. Oihana; Soldevilla, Ane Etxezareta, Nuria Mendoza, Iraia (Saioa, 82'); Maddi, Leire Baños; Manu, Itxaso, Bea Beltran eta Bautista (Sara, 63').

Golak. 1-0. Leiak (11. min.); 2-0. Nekanek (36. min.); 3-0: Marta Unzuek (47. min.); 3-1: Nuria Mendozak (52. min.) 4-1: Ainhoa Morazak (57. min.); 5-1: Ainhoa Morazak(77. min.).Epailea. Arantza Gallastegik. Realeko entrenatzaile Gonzalo Arkonada kanporatu zuen.

Zazpigarrenez —seigarrenez jarraian—, Athletic da Euskal Herria kopako garailea. Zuri-gorriek aise menderatu zuten atzo Reala, Zornotzako Urritxe futbol zelaian:5-1. Astebete falta da liga hasteko, eta Joseba Agirreren taldeak erakutsi zuen multzo osatua dela, eta denbora daramala joko molde berdinarekin. Reala, berriz, kontrakarrean aritu zen, atzean bigun, eta erasoan jokaldiak kostata lotuz. Nahikari Garcia eta Kiana Palacios aurrelarien, eta Mariasun Quiñones atezainaren hutsuneak nabaritu zituen, eta osatzeke dagoen talde bat da.

Athletic nagusi izan zen hasieratik, eta min handia egin zion Realari kontraeraso bizkorren bidez, baita aurrean presioa eginez ere. Atzelari txuri-urdinei kosta egiten zitzaien presio hori gainditzea, eta zelai erditik aurrera baloia sakontasunez mugitzea. Ez zutenean hala egiten, gainera, leku arriskutsuetan galtzen zuten baloia, eta Athleticek ez zuen barkatu. Hala ailegatu zen lehen gola. Realeko atzelariek ez zuten baloia ondo atera, eta area ertzetik Leiak jaurtitako baloiak eskuetatik ihes egin zion Oihana Aldairi (11. min.).

Hortik aurrera, Athleticek ondo kudeatu zuen partida, jokoaren ekimena eta erritmoa ezarriz, eta atzean estutasunik pasa gabe. Erikak normalean huts egiten ez dituen bi aukera izan zituen 2-0ekoa lortzeko, baina ez zen fin aritu. Huts egin ez zuena, ordea, Nekane izan zen. Bizi, Realeko atzelariek galdutako baloi bat baliatu zuen txuri-urdinen atea zulatzeko (36 .min.). Lehen zati horretan, Iraiaren eta Soldevilaren erremate bana izan ziren Realaren ahalegin bakanak.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Athleticek are erabakiago utzi zuen norgehiagoka. Marta Unzuek estreinako gola sartu zuen Athleticekin, korner batean: 3-0. Realak berehala lortu zuen aldea murriztea, geldikako jokaldi batean halaber,baina falta baten bidez. Nuria Mendoza izan zen golegilea (52. min).

Ainhoa Morazak egin zituen zuri-gorrien laugarrena eta bosgarrena —bera izendatu zuten partidako jokalaririk onena—: bat, kontraeraso bat aprobetxatuz (57. min.), eta bestea, urrutitik jaurtita (77. min.). Realak bi baloi bidali zituen langara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.