Eibar 2-2 Reala

Merezitako puntu banaketa

Eibarrek eta Realak berdindu egin dute Unben. Lau goletatik hiru partidako azkeneko hamar minutuetan izan dira

Nahikari Garcia eta Sheila Elorza, aurrez aurre, atzo, Unben. GORKA RUBIO / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Eibar. Noelia; Ruth, Noko, Napo (Jujuba, 74. min.), Queralt; Sara Navarro (Arene, 74. min.), Sheila (Torras, 86. min.), M. Llompart (Esteve, 86. min.), Carla Morera; Arola (Ane Campos,92. min.) eta Thembi
Reala. Nanclares; Nuria Rabano (Franssi, 80. min.), Nuria Mendoza, Etxezarreta (Ane Tejada, 63. min.), Lucia;Maitane, Leire Baños (Cecilia, 63. min.), Gemma (Itxaso, 80. min.); Barbara Latorre (Kiana Palacios, 63. min.), Nahikari eta Nerea Eizagirre.
Golak. 1-0. Thembik (33. min.); 1-1. Palaciosek (80. min.); 2-1. Llompartek, penaltiz (85. min.);2-2. Franssik (91. min.)
Epailea. Espinosa Rios. Txartel horiak Eibarreko Sara Navarrori eta Napo-ri.

Merezitako puntu bana eskuratu zuten atzo Realak eta Eibarrek, Unben bana berdindu ondoren. Partida zirraragarria jokatu zuten, 90 minutu baino gehiagoko lehia estu eta polita. Bi estilo guztiz ezberdin lehiatu ziren, baina, azkenean, bat ez zen izan bestea baino gehiago. Etxera pozik joateko moduko lana egin zuten bi taldeetako jokalariek.

Parekatuta hasi zen neurketa, bi taldeek gola sartzeko bina aukera izan baitzituzten. Reala baloiaren jabe egin zen hasieratik, eta atzetik jokatuz iritsi nahi izan zuen etxekoen areara hasiera-hasieratik. Iker Dorronsorok zuzendutako taldea, baina, presio altu batekin, bisitarien jokoa zailduz, eta Adriana Nanclaresek zaindutako atetik ahalik eta gertuen baloia lapurtzen saiatu zen estreinako minutuetatik.

Eibarren presio altuak saria izan zuen 33. minutuan. Ane Etxezarretak baloia galdu zuen, taldeak atzetik jokatzen hasi behar zuenean. ThembiKgatlanak ia zelai erdian baloia hartu zuen, eta zuzen-zuzenean txuri-urdinen atera hurbildu zen. Areara iritsitakoan ez zen urduri jarri: Nanclaresi izkin egin, eta baloia sarera bidali zuen.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, bi aukera izan zituztentxuri-urdinek, baina bietan Noelia Garcia atezainak gola galarazi zien donostiarrei. Denbora aurrera zihoala, eta galtzen ari zirela ikusita, aldaketa hirukoitza egin zuen Natalia Arroyok. Taldea berdinketaren bila joan zen, atzean hutsuneak utziz. Etxekoak hori baliatzen saiatu ziren, baina Nanclaresek behin eta berriz zapuztu zituen ahalegin guztiak.

Amaiera eroa

Hamar minuturen faltan etorri zen txuri-urdinen berdinketaren gola. Lehen zatian bezalaxe, Nahikari Garcial eta Nerea Eizagirrek jokaldi on bat iltzatu zuten area ertzean. Gemma Giliri iritsi zitzaion baloia, eta hark ez zuen zalantzarik izan tiro egiteko. Noeliak baloia urrundu zuen, baina aldaratzea Kiana Palaciosi erori zitzaion, eta, jaurtiketa indartsu batekin, partida berdindu zuen.

Partidak bana amaitu behar zuela zirudienean, markagailua birritan aldatu zen neurketaren hondarrean. 85. minutuan, Eibarrek bigarren gola sartu zuen, penaltiz. Nuria Mendozak falta egin zion Thembiri area barruan, eta epaileak penaltia adierazi zuen. Maria Llompartek ez zuen huts egin 11 metroetatik. Luzapenean, baina, partida bigarrengoz berdindu zuen Realak, Sanni Franssiren jaurtiketa bortitz bati esker. Ondo landutako puntu bana poltsikoratu zuten bi taldeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.