Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Aro atipikoari ekinez

2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Iraila hasieren ispilua omen, martxan jartzeko hilabetea, proiektu berriak abiatzeko tentazio hutsa. Ondo pentsatuz gero, urtarrila baino askoz ere apurtzaileagoa da. Eskolara itzuli behar izateak izango al du horretan eraginik?

Astelehenean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasgeletara itzuli ziren Haur eta Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1 eta 2. mailako ikasleak —Nafarroan, aurreko ostiralean; Iparraldean, irailaren 1ean—, urduritasuna eta ziurgabetasuna nagusi. Koronabirusaren krisia hasi zenetik kezka handia sortu du ikastetxeak berriro irekitzearen aferak. Ez zen harritzekoa izan, beraz, Euskadi Irratiko Faktoria Albistegia-k —denboraldi berri honetan Iñaki Guridi kazetaria du gidari zurrunbilo horrekin hasi izana, ikasturteko lehen egun ezohikoari bete-betean helduz, alegia.

Pandemiak aldaketa eta irtenbide andana ekarri du iraileko oholtzara, entzungai izan genuenez. Egokiak eta eraginkorrak diren ikusi behar. Samantha Schweblinek Pájaros en la boca y otros cuentos liburuan idatzitakoari men eginez: «Nork bere modura planteatzen ditu irtenbide konformistak edo gaiztoak, nik bilatzen dudanarekin zerikusirik ez dutenak».

Goizeko saioetan bezalatsu, bide beretik aritu zen, arratsaldean, hamar urte bete berri dituen Radio Euskadiko La mecánica del caracol, denboraldi berriko lehen saioan. Eva Caballeroren gidaritzapean, Adrian Hugo Aginagalde Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko espezialistak eta Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoko ikertzaileak SARS-CoV-2a ertz ugaritik aztertu zuen. Asteartean ere birusa izan zen protagonista Faktoria Albistegia-n: Miren Basaras mikrobiologoa, Ugo Mayor ikertzailea eta Gorka Orive Farmazia Fakultateko irakasle eta doktorea izan ziren gonbidatu, eta itxialdia, musukoen erabilera eta txertoa izan zituzten hizpide.

Zorionez, badira gaurkotasun informatiboaren zaratatik at gelditzen diren espazioak. Adibidez, Manu Etxezortuk zuzendutako Faktoria Magazine-an, Karmele Jaio eta Ibon Martin idazleek solasaldi interesgarria eskaini zuten astelehenean: irakurleen eta idazleen arteko hartu-emanez aritu ziren, baita sormenaz eta eurek idazteko behar duten isolamenduaz ere. Gure bizitzan gertatzen den legez, badira bakartzeko eta arnasa sakon hartzeko momentuak, maskara jantzita bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.