Gorka Ortiz de Urbina. Zeledon

«Maskaraz gain, burua ere erabili behar dugu aurtengo ez-jaietan»

RAUL BOGAJO/FOKU.
Jone Arruabarena
Gasteiz
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
2001. urtean jaso zuen testigua Gorka Ortiz de Urbinak (Gasteiz, 1971), eta, ordutik, urtero eduki du zita gasteiztarrekin abuztuaren 4an: Andre Mari Zuriaren plaza zeharkatzen baitu Zeledonen rolean. Aurten, ordea, ez da festa girorik egongo, eta Ortiz de Urbinak ez du pertsonaia gorpuztuko: aurtengoa izango da, azken 19 urteetan, Zeledonek oporrak hartuko dituen lehenengo aldia. Harriduraz eta tristuraz hartu du erabakia, baina beharrezkoa dela iritzi dio, osasun egoera lehenetsi behar delako.

Zer esan nahi du Zeledonentzat jairik ez egoteak?

19 urtez Zeledonen rolean aritu ondoren, aurten ez dakit zer gertatuko den, nola pasatuko dudan. Ez naiz sekula halako egoera batean egon, baina uste dut tristura handiz igaroko ditudala egun hauek, eta irrikitan datorren urtea noiz iritsiko. Niretzako gauza berria da, eta lekuz kanpo utzi nau. Benetan diot: ez dakit zer egingo dudan eta non egongo naizen.

Jaiak bertan behera geratu dira. Hala ere, beste zerbaitetan hartuko duzu parte urte honetan?

Ez; dena bertan behera utzi dugu taldean, eta, beraz, aurten lasai hartzea tokatzen da.

Jaitsierarik ezean, beste zereginen bat aurkitu beharko duzu egunerako?

Bai. Abuztuaren 5ean, normalean, bazkaltzera joaten naiz familiarekin, eta aurten ere hori egingo dugu. Arratsaldean, nire blusa taldearekin atera ohi naiz, baina hori ezingo dugu egin. Eta datozen egunetan, 6an, 7an, eta 8an, ba, ezer ez; Gasteizen egongo gara, eta osteratxo bat emango dugu, seguruenik. Hori bai, betiere segurtasun distantziari eutsita eta maskara soinean.

Zerbait prestatzen ibili zarete urtean zehar, pandemiaren berri jakin aurretik?

Ez, ez dugu ezer prestatu. Hasieratik pentsatu genuen, pandemiaren berri izan genuenean eta beste herri batzuetako jaiak ezeztatu zirenean, hemen ere ez zela jairik egongo. Tristuraz hartu genuen, baina badakigu aurten ez dagoela festarik. Zer egingo diogu, ba? Zuhurtziaz aritzea dagokigu guztioi aurten.

Ia hogei urte daramatzazu Zeledon izaten. Suertatu zaizu oraingoaren moduko egoera bitxirik?

Ez, nire kasuan, ez. Hala ere, Gasteizen beti ospatu dira festak; inoiz ez dira bertan behera geratu: ezerk ez du festa geldiaraztea lortu orain arte. Aurten lehenengo aldia da.

Zer esan nahiko du aurten Gasteiztarrentzat jairik ez egoteak?

Blusa edo neska gisa ateratzen garenok modu oso berezian bizi ditugu festak. Gasteiz txikia izan arren, urtean zehar ikusten ez dugun jendea berriz ikusteko aukera dira jaiak jende askorentzat: guztiok elkartzeko garai aproposa da. Beraz, irrika handiz egoten gara festak noiz hasiko, baina oraingoan urtebete luzatuko itxaronaldia.

Zure iritzia, Zeledon gisa, da garrantzitsua dela gasteiztarrentzat. Zer gomendio emango zenieke egun hauetarako?

Norbere buruan baino, besteengan pentsatu dezala. Argi izan behar dugu osasuna lehenetsi behar dugula eta, jairik gabe gelditu behar badugu, gure eta gainontzekoen osasuna babesteko dela. Gainera, herritarrei ohartaraziko nieke aurtengo ez-jaietan maskara erabiltzeko eta, horrez gain, burua ere erabiltzeko. Azken finean, egunotan ikusten ari baikara jaiak ospatzeak zer ondorio izango lituzkeen: kutsatu kopuruak gora egitea, birusa nonahi agertzea... Beraz, herritarrei eman beharreko mezua garbia da: norbere buruan eta besteengan pentsatzeko une oro. Zuhurtziaz joka dezaketela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.