Eibar 1-1 Huesca

Burua altxatu ezinik

Eibarrek bana berdindu du, eta jaisteko postuetatik oso gertu dago oraindik ere. Armaginak ez dira fin ibili ateari begira lehen zatian

Javi Galan Huescakoa eta Kevin Rodrigues lurrean, baloia gertu dutela, atzo Ipuruan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Eibar. Yoel; Pozo, Oliveira, Bigas (Arbilla, 16. min), Jose Angel (Rafa Soares, 78. min); Pedro Leon (Kevin Rodrigues, 78. min), Exposito, Diop, Bryan (Aleix Garcia, 78. min); Sergi Enrich (Muto, 69. min) eta Kike Garcia.
Huesca. Alvaro Fernandez; Pulido, Siovas, Insua; Maffeo (Pedro Lopez, 87. min), Ferreiro, Doumbia ( Mikel Rico, 63. min), Seoane, Javi Galan; Escriche (Sandro, 73. min) eta Rafa Mir (Sergio Gomez, 87. min).
Golak. 0-1 Sandrok (81. min); 1-1 Diopek (83. min). Epailea. Gonzalez Fuertes. Txartel horiak Eibarreko Jose Angeli; eta Huescako Javi Galani, Pablo Maffeo.

Irabazi ezinik jarraitzen du Eibarrek. Dituen arazoak geroz eta nabarmenagoak dira, eta ez du konponbiderik topatzen. Atzo bana berdindu zuen Huesca aurkari zuzenaren eta azken sailkatuaren aurka, Ipuruan. Azken hiru jardunaldietan, atzetik dituen hiru taldeen kontra aritu dira Jose Luis Mendilibarrenak —Huesca bera, Elx eta Valladolid—, eta bederatzi puntuetatik bi besterik ez dituzte lortu. Egoerari buelta eman beharrean dira.

Sailkapenaren azpiko aldean dauden bi talde izan arren, oso erasokorrak dira biak, eta besteen zelaian jokatzea gustatzen zaie. Joko borroka horretan eibartarrak nagusitu ziren. Bizi-bizi zelairatu zen etxeko taldea, partidari erritmo bizia emanez. Neurketaren gidaritza eraman zuen lehen minutuetatik, eta, presio handiari esker, baloi asko lapurtu zituen aurkariaren zelaian. Horrela iritsi zen partidako lehen gol aukera garbia: goian lapurtu, Pedro Leonen erdiraketa eta Kike Garciaren errematea. Aurrelari espainarrak, baina, ez zuen ondo jo baloia, eta kanpora bidali zuen.

Estreinako lehen hogei minutuetan, gipuzkoarrak partidaren jaun eta jabe izan ziren. Erasoan beren jokoa egitea lortu zuten, eta defentsan, berriz, nahiko sendo ibili ziren. Apenas iritsi zen Huesca Yoelen ate ingurura. Denborak aurrera egin ahala, neurketak berdintze aldera egin zuen. Eibarrek ezin izan zion hasierako intentsitate horri eutsi, baina, halere, eroso egon zen zelaian. Talde espainiarra erdiko hiru atzelarirekin atera bazen ere, ez zuen lortu Mendilibarrek proposatutako erdiraketa-errematea jokoa gelditzea. Hiru abagune izan zituzten eibartarrek atsedenaldira abantailarekin iristeko, baina ez zuten baloia hiru zutoinen artean sartzen asmatu.

Asko jaitsi zen bigarren zatian norgehiagokaren erritmoa. Lehen zati amaieran apala izan zen, baina bigarrenean are apalagoa. Jose Rojo Pacheta entrenatzaileak bere taldearen defentsa lerroa atzeratu egin zuen, Alvaro Fernandezek zaindutako area gehiago babesteko asmoz. Huescako jokalariek beren lekua aurkitu zuten, eta Eibarrek ez zuen 45 minutu horietako nagusitasun hori izan.

Azken hamar minutu eroak

Bi taldeek oso gutxi zapaldu zituzten Ipuruako zelaiaren bi areak. Zelai erdian ibili ziren, eta bien egoera larria ikusita, baloiarekin gutxi arriskatzea erabaki zuten. Bi entrenatzaileek, zuhaitza astindu nahian, hainbat aldaketa egin zituzten partidako azken hogei minutuetarako. Jokoa ez zen asko aldatu, baina bai markagailua. 81. minutuan Sandrok area barruan baloia harrapatu, eta Yoelen atea zulatu zuen: 0 eta 1. Kolpe latza izan zen hori Eibarrentzat, baina horrelako kasuetan egin litekeen hoberena egin zuen: segituan berdindu. Bi minutu eskasera, Diopek buruz erramatatu zuen Alex Garciak ateratako kornerra, markagailuan banakoa ezarriz. Handik gutxira, Kevinek ateko zuloan egindako errematea Alvarok urrundu zuen. Azkenean, puntua lortu zuten Mendilibarrenek, baina ontziak hondoratzen jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.