Eibar 0-1 Levante

Puntu premia gorria

Eibarrek galdu egin du Levanteren kontra, eta azkena da Lehen Mailako sailkapenean. Hamahiru partida daramatza irabazi ezinda

Kike Garcia, Sergi Enrich eta Aleix Garcia, etsiak jota, atzoko partidan, Ipuruan. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Eibar. Yoel; Arbilla, Sergio Alvarez, Oliveira, Cote, Pozo, Diop (Kevin Rodriges, 61.min.), Aleix Garcia (Atienza, 74. min.), Inui (Quique Gonzalez, 74.min.), Enrich (Pedro Leon, 85. min.) eta Kike Garcia.
Levante. Aitor Fernandez, Coke, Postigo, Duarte, Clerc, De Frutos (Vezo, 83. min.), Radoja (Malsa, 17. min.), Bardhi, Morales(Rochina, 67. min.), Roger (Doukure, m67.min.) eta Dani Gomez (Sergio Leon, 83. min.).
Gola.De Frutosek (47. min). Epailea. Estrada Fernandez. Txartel horiak: Eibarreko Diopi, Aleix Garciari eta Anaitz Arbillari; eta Levanteko Clerci.

Oker bidean dago Eibar. Jose Luis Mendilibarren taldeak galdu egin zuen atzo, beste behin, eta zaildu egin zaio Espainiko Lehen Mailan segitzea. Hamahiru partida daramatza irabazi ezinda. Huescak ostiralean eskuratu zuen garaipenak eta Alavesek batutako puntuak agerian utzi zuten zama.

Hasi, ondo hasi zuen partida Eibarrek, baina, minutuek aurrera egin ahala, urardotu egin zen eibartarren asmoa. Eskas ari dira, egiari zor; ez dute erasoan aukerarik sortzen, eta hori garesti ordaintzen da onenen artean.

Eibarren, oso agerikoa da taldearen egoera makurra. Marko Dimitrovic da taldearen izarretako bat, eta beroketan min hartu zuen serbiarrak. Atezainak taldearen aldartea aldatu izana bada seinale ageriko bat; eibartarrak ez dira ondo ari.

Nolanahi ere, aurrera begirako taldea zelairatu zuen Eibarrek. Hasieran, bazirudien partidari neurria hartuko ziotela armaginek. Ondo eratu zuten hamaikakoaren bizkarrezurra, eta eutsi zioten lehen zatiaren unerik gehientsuenetan. Halere, atzera begira egindako taldean beti ohi du non zulatua, eta hori probestu zuen De Frutosek: Levanteko jokalariak 47. minutuan egin zuela gola.

Partidako bakarra, eta nahikoa. Gainera, nahiko agerian utzi zituen armaginen lotsak: Clercek ezker hegalean jaso zuen baloia, eta areara gerturatzea egin zuen. Haren erdiraketa ez zuen inork geratu. Aurrelari espainiarraren jaurtiketa sarera joan zen zuzenean. Nagusitasun handiegirik gabe, aurretik jarri zen Levate.

Egoera horrek astindu egin zuen Eibar. Mendilibarren taldea kamuts ari da erasoan, eta, hasterako bazekien markagailuan atzetik aritzeak ez ziola deus onik ekarriko. Halaxe gertatu zen. Erasoak egituratua da egungo futbola; bai, behintzat, Lehendabiziko Mailan. Eibarrek horri ez erreparatzeak ekar diezaioke azken postuetan geratzea.

Armaginak saiatu ziren hurrengo minutuetan aurrera egiten, baina alferrik. Levantek, tristea da esatea, lotua zuen garaipena ia ordu erdiren faltan. Beren lana ondo egitera mugatu ziren Paco Lopezen jokalariak: garaipenak ez zien ihes egingo.

Aurrera begirako deia

Lehen Mailan segitzeko bidean harri koskor handia izan zen atzoko partida. Hala izan zen, zertarako ukatu. Galdu egin zuen Eibarrek, eta Mendilibarren asmoak kolokan utzi zituen partidak. Dena den, aho bizarrik gabe mintzatu zen teknikaria, porrota gauzatu ostean. Salbaziotik lau puntura dago Eibar: «Geurean indartsuak baldin bagara, aurrera egingo dugu. Ez baldin bagara, ordea, ez dugu lortuko. Gure esku dago».

Lau punturen tartea berreskuratu beharrean da Eibar. Horixe du egitekoa azken partidetan. Asmo horiei so, golak behar dituzte armaginek. Horren zalantzarik ez du Mendilibarrek: «Kolpea izan da [Levanteren kontrakoa], baina ez diogu horri erreparatu behar. Lau puntura gaude, baina, hori utzita, hurrengo partida jarri behar dugu gogoan». Horri begiratu behar dio Eibarrek: Mendilibarrek arrazoi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.