Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Calleja, egia absolutua

2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Koktelera. Egia absolutuaren jabe izatearen usteak markatu zuen ahoz zein idatziz komunikatzaile ona zen kazetariaren karrera; utikan, harentzat, errealitate poliedrikoaren zati baten jabe izatea, soilik! Apenas egin zuen saiakerarik bere fobia pertsonalak arrazionaltasunaren filtrotik pasatzeko. Javier Ortizek zioen probokatzaile profesionala zela, eta, egiaz, burua tentetuta erakutsi ohi zuen titulu hori. Lau osagaik osatutako koktelera astintzearen produktua izan zen, azken batean: komunikaziorako dohainak, izaera harroputza, heriotza mehatxu justifikaezinak, eta Madrilen jasotako laineza.

Metropolian, heroia. Madrilen sozialismoaren orbitako prentsak beso zabalik hartu zuen, eta konta ezin ahala hedabidetatik paseatzeko bedeinkazioa eman zioten norteko fanatikoei aurre egin zien superheroiari. Biografia epiko horren orban bakarra, eskuin mediatikoarekin edukitako ika-mikek eragin zuten, ETAren aurkako dominak paparreratzeko lehiaren baitan. Sonatua izan zen Isabel San Sebastianekin eduki zuen oilarren sesio hura 2007an, La1 katean Ana Pastorrek gidatzen zuen 59 segundos saioan. Callejak eskuin muturreko kolpista izatea eta ETA gizentzea leporatu zion San Sebastiani; horrek platotik alde egin zuen, eta hurrengo urtetan, bikotearen perfomance-a inspirazio iturri bilakatu zen Tele5ko Sálvame saioarentzat zein Kiko Matamoros, Belen Esteban eta enparauentzat.

Egia errebelatua. Horixe zen Calleja prentsa sozialistarentzat. Asteazkenean, Carles Francinok Euskal Herrian girotutako polizia nobela idatzi duen Fernando Benzo gonbidatu zuen, Jon Sistiaga ondoan zuela, SERen. Nobelaren aitzakian, Calleja omendu nahi izan zuen, eta haren uztako egia absolutuetako bat buruz ikasi genezan saiatu zen: Euskal Herrian marra ezarri beharra dago ongileen eta gaizkileen artean, eta aurrenekoen artean polizia indarrak jarri behar dira, dena ondo egin zutelako.

Analogia. J.A. Marcos esatariak SERen Callejaren beste sententzia apelaezin horietako batekin ekin zion Hora 14 albistegiari, astelehenean: «Matar a un periodista significa querer amordazar a toda la sociedad». Analogiak eginez, X jauna, Vera, Barrionuevo eta enparauek euskal gizartearen ahoa estali nahi izan zuten, GALek Egin egunkariko Xabier Galdeano hil zuenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.