ATZEKOZ AURRERA

Auzo bizigarria denentzat

Alde Zaharreko Eguna ospatu dute Iruñean. Musika eta dantza auzoko bazter guztietara iritsi dira, eta kolektibo askok beren aldarrikapenak zabaltzeko baliatu dute jaia.

Alde Zaharreko Eguna baliatuta, Euskal Herriko zortzi dantza taldek folklore jaia egin zuten atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Ospakizunez eta aldarrikapenez bete zen atzo Iruñeko Alde Zaharra. Urtero bezala, jai batzordeak auzoaren eguna antolatu zuen, eta askotariko jarduerak egon ziren txoko guztietan: kalejirak, dantzaldiak, bazkariak, kontzertuak... Gainera, auzoko eguna zela baliatuz, hainbat kolektibok ere beren ospakizunak egin zituzten han.

Alde Zaharreko korporazio txikiak ireki zuen festa, 11:00etan, eta ordu horretatik aurrera, auzoko erraldoien konpartsa, joaldunak, trikitilariak eta txarangak kaleak zeharkatu zituzten. Ohi bezala, Iruñeko Amaiur dantza taldeak folklore jaia egin zuen, beste zortzi talderekin batera, Burgoen plazan. Dozenaka haur aritu ziren dantzan, familien begiradapean. Era berean, Ortzadar dantza taldeak Ortzadar Dantzan Bizi Eguna ospatu zuen.

Tronpeta eta txistu doinuak danbor hotsekin nahastu ziren atzokoan, afrikarrek ere beren eguna ospatu baitzuten. Flor de Africa eta Africa United taldeenekitaldian, Alex Ondoak eskertu zuen Nafarroako herritarrengandik eta gobernutik jasotzen duten babesa; baina, aldi berean, beren hitza arlo guztietan aintzat har dezatela eskatu zuen.

Ez ziren afrikarrak izan auzoa denentzako tokia izan dadila eskatu zuten bakarrak. Hori bera zioen Santa Ana plazan hainbat bizilagunek margotu zuten mural batek: Denon auzoa. Alicia Urtasun artistak diseinatu zuen, «auzotar guztiak elkartzeko» .

Jai batzordeak, berriz, azken urteetan bultzatzen ari diren auzo eredua salatu zuen atzokoan. «Aisialdirako gune bihurtu nahi dute auzoa, baina gaur esan nahi dugu auzo bizigarri bat nahi dugula», adierazi zuen Toni Iragi batzordeko kideak. Era berean, auzoko kolektiboen lana kalera ateratzeko eguna izan zen. Horregatik, Mercaderesen, hainbat taldek informazio mahaiak jarri zituzten, beren borroken berri emateko. Bizilagunek, halaber, auzoan bizi nahi dutela aldarrikatzeko argazki bat egin zuten.

Eguerdian, Santa Ana plazan egin zuten herri bazkari nagusia. Parte hartzaileek beren eltzeak prestatu zituzten, eta gozoena zein izango zen erabakitzeko lehiaketa egin zuten. Caldereria eta Tejeria kaleetan ere prestatu zituzten bazkariak, eta ondoren dantzaldiak egon ziren nonahi.

Bestalde, Nafarroako ardo gorriaren uzta berria aurkezteko festa ere egin zuten, Txapitela kalean, musikaz lagunduta. Handik gertu, Gazteluko plazan, giro lasaiagoan, Iruñeko 11 liburu dendak hasiera eman zioten XVIII. Liburuaren Azokari. Eta jaiak jai, Alde Zaharrean zein handik kanpo egun berezia zen atzokoa. Bi astez hauteskunde kanpainak bazter guztiak hartu ondoren, herritarrak gogoeta egitera deituak zeuden. Halere, kanpainako ekitaldirik ez, baina hauteskunde giroa nabaria zen kalean. Auzoko taldeen afixak alderdietakoekin nahasten ziren; bizilagunen aldarrikapenak, lelo politikoekin.

Nork bere erara ospatu zuen Iruñeko Alde Zaharreko Eguna. Baina gauza bat argi geratu zen: auzoa bizi baino biziago dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.