Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Hiria kale gorrian

2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Gorka Reizabal. Realak Gijonen lehen liga irabazi zuen 1981eko egun epiko hartan entzun genuen irratian lehenbiziko aldiz. Joxean Alkorta zen Herri Irratian Realaren emanaldiak egiten zituena, baina egun hartan Reizabal ondoan jarri zioten, noizean behin euskaraz komentarioak egiteko. Alkortari ez zion batere graziarik egin. Zamoraren bigarren golak eragindako bozkarioak eztarririk gabe utzi zuen Reizabal, eta mutu geratu zen harrezkero. Aurrerago, Iñaki Elorza hasi zen euskara zuzeneko kirol irratsaioei normaltasunez itsasten, eta Reizabalek Radio San Sebastianen kirol sailaren ardura hartu zuen. Hantxe zaildu zen kirol esale irratigintzan, Ser Kateak izan duen euskaltzalerik handiena (bakarra agian...).

Antihagiografia ariketa. Oroimen entziklopedikoa zuela, ateraldi txundigarriak zituela, eta, batez ere, realzale amorratua zela era askotara gogorarazi digute hainbatek. Horrela, izugarriak iruditu zaizkit zenbait adierazpen, gizaki eta kazetari miresgarri bat ez, baizik eta gorrotagarri samar bat marraztera iritsi baitira. Reala familiaren gainetik jarri izan zuela esan du peña bateko ordezkari batek, eta muturrerainoko forofoa zelako harekin nekez egin zitekeela eztabaida arrazionalik aitortu digu Tito Irazusta esatari ohiak.

Kale gorrian. Konformidadea eta poztasuna transmitituz ospatu zuten Hiri Gorrian saiokoek agur festa ostiralean. Zazpi urteko ibilbidean Maider Segurola eta Xabi Larrazabalek iraganean, eta Lander Eizagirre eta Amaia Artetxek gaur egun, saioari itsatsi izan dioten labelari eutsi zioten herenegun ere. Alegia, irudimenaren eta ikusminaren faktoreak erabiltzea gai eta gonbidatuen hautaketak planteatzeko orduan. Bi enpresa likidatzaileri galdetu zieten ea asmatu ote duten saioaren akaberaren komunikazio estrategian. Haien aburuz, entzulea argia da eta galdera askori erantzun behar zaie: zergatik, zertarako, nortzuk datozen, nortzuk doazen... Gainerakoan, kabalak egiten hasiko omen da. Egia esan, airean utzi dizkigute zenbait alderdi. Euskadi Irratiko programazio arduradun Garbiñe Uriak badio produktua oso ona izan dela, zer dela eta pertsiana jaitsi? Nahi besteko audientziarik ez badu eduki, zer kostatzen da aitortzea? Bestetik, esan zaigu nortzuk helduko dioten magazin berriari, baina ez nora doazen Eizagirre eta Arretxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.