ATZEKOZ AURRERA

Ofizialtasuna plazara itzuli da

Euskal kirol selekzioen aldeko aldarriak hauspo berria hartu du Gu ere bai! egitasmoaren eskutik. Egun osoko egitaraua antolatu dute Arriaga parean beren jarduna ezagutarazteko.

Gu ere bai! egitasmoak Bilboko kaleetan atzo antolatu zuen kalejira. A. L. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldarria lozorrotik atera da. ESAIT iritzi taldea desegin zenean, aldarrikapenak hainbat urteko hutsunea igarozuen, eta garai bateko grinak desagertua zirudien. Duela hamabost hilabete, baina, Gu ere bai! egitasmoak bere burua aurkeztu zuen, pandemia betean, lekukoa hartu eta ofizialtasunaren aldarria gizarteratzeko prest. Urtebeteko sukalde lanaren ondoren, atzo egin zuen salto plazara, Bilbon, eta hurrengo hilabeteetanlanean jarraitzeko asmoa duela aurreratu zuen: «Ofizialtasunaren aldeko lana bultzatu behar da, zelaian, kalean eta bulegoetan».

Plazara, zentzu metaforiko zein fisikoan. Arriaga plaza izan baitzen Gu ere bai!-k egun osoko ekitaldi ugarietarako aukeratu zuen tranpaldoa. Goizean, besteak beste, mendi martxa, herri kirolen erakustaldia eta bertso saioa antolatu zituen. Amets Arzallusek, Jone Uriak, Oihana Bartrak eta Unai Iturriagak kirolerako euren dohainak azaleratu zituzten, baita hausnarketa interesgarriak utzi ere agurretan. Bartrak, esaterako, orain, maskararik gabe, arnasa hartu eta ofizialtasunaren eskaerari putz egin eta hura hauspotzeko aukera aproposa dela esan zuen; Iturriagak, berriz, pragmatikoago, «nazioa eraikiz gero», selekzioa haren eskutik etorriko litzatekeela gogoratu zuen.

Eguneko ekitaldi nagusia, halere, arratsaldeko kalejira izan zen. Ordubete lehenago hasia zen itsas zeharkaldia amaitu bezain laster hasi zen. Hainbat piraguistak itsas museotik Arriagarainoko bidea egin zuten Ibaizabalen korronteari aurre eginez. Txalo gehien, dena den, Itxaso Alonsok jaso zituen. Getxo Bolue Kirol Elkarteko kideak igerian egin zuen hiru kilometroko bidea.

Haiei ongietorria eman, eta joaldunen atzetik ekin zuen bidea kalejirak. Plaza Biribilera igo, handik Bilboko udaletxera jo, eta Areatzan barrena itzuli zen Arriagara. Udaletxe albotik pasatzea ez zen ausazko keinua izan; kalejira osteko ekitaldian Patxi Gaztelumendi Gu ere bai!-ko kideak azaldu zuen bezala, iragan martxoan udaleko PNV, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko kideek euskal selekzioen aldeko mozio bat onartu zuten.

Gu ere bai!-k asko duela egiteko aitortu zuen Gaztelumendik: «Pandemia osteko udaberrian lan franko dugu». Jai giroko kalejiraren ondoren, amaierako hitzartzeak tonu politikoagoa izan zuen. Hainbat kiroletan ofizialtasunaren alde ematen ari diren pausoak lagunduko dituztela nabarmendu zuen.

«Zailtasun eta oztopo askoren gainetik, ilusioz eta irudimenez heldu gara hona», aldarrikatu zuen. Egitasmoaren aurkezpen ekitaldi bat izan zen, eta beren jardunaren zutabeak izendatu zituen: Euskal kirola bultzatzea; zazpi lurraldeak aintzat hartzea; euskararen erabilera sustatzea; berdintasuna, aniztasuna, ofizialtasunaren babesa; eta nazioartekotasuna: «Euskal Herritik mundura! Hori da gure xedea. Gure kirola, gure kirolariak, gure herria eskubide guztiekin nazioartean aritzeko gabiltza lanean».

Atxikimendu handia

Ekitaldian Yaser Hamed zegoen, Leioan (Bizkaia) jaio eta bizi den Palestinako futbol selekzioko jokalaria. Herenegun Arabia Kopa jokatzeko sailkatu zen, eta plazan bildutakoen txaloa jaso zuen. Egitasmoari atxikimendua eman dioten kirolarietako bat da, eta tartean punta-puntako asko daude.

Gu ere bai!-k martxan du sinadura bilketa, eta egitasmoarekin bat egin nahi duenak Guerebai.eus webgunean du bidea. «Udari gogotsu» ekin diotela esan zuten kideek. Beharko dute gogoa ofizialtasunaren eskaria berriz ere gizartean loratu dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.