ATZEKOZ AURRERA

Historia biziko eraikin batean

Ondarearen Europako Jardunaldietan, bisita gidatua egin dute Gastronomiako Euskal Anaiartean, Donostian. Toki horren sekretu gordeak ezagutu ahal izan dituzte bisitariek.

Onintza Mokoroa gidaria, atzo, Gastronomiako Euskal Anaiartean. J. URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Trinitate plazatik Urgullerantz begiratuta, han ageri da eraikin eder bat: jesuiten komentua izandakoa, espetxe txikia eta hegaztien hiltegia. Harik eta 1960ko hamarkadan Gastronomiako Euskal Anaiartea sortu eta egoitza han jarri zuten arte. Askotariko sekretuak gorde ditu eraikinak, eta, azkeneko urteetan, biziberrituz joan da. Bisita gidatua egin zuten atzo Donostiako txoko horretan, Ondarearen Europako Jardunaldietan. Onintza Mokoroa Gastronomiako Euskal Anaiarteko zuzendaritzako kideak egin zituen gidari lanak.

Donostiako herritar askorentzat ezezaguna da «kofradia», bisitarien iritziaren arabera. Ez da izango ondarerik gorde ez duelako. Mokoroak azaldu duenez, Santa Maria elizako lanetako habe handi batzuk Urgullerako maldan utziak zeuden 1960ko hamarkadan. Taldeko arkitektoak erabaki zuen habe haiek txokoa atontzeko erabiltzea.

Goiko solairuan, beste alde batetik, Alejandro Dumas liburutegia dute jarria. Gastronomiari buruzko liburuz betea dago —aurretik deitu behar da bisita egiteko—. «Lehen dohaintzako liburuak armairu batean gorde zituzten. Baina dohaintza gehiago iritsi ziren, liburu batzuk ere erosi ziren, eta erabaki zen liburutegiaren espazioa atontzea», aipatu du Mokoroak. Duela lau urtetik hona, Ujue Gonzalez da liburuzaina. «Haren lana bukatzen ari zela, 8.000 liburu inguruko bi dohaintza iritsi dira. Liburuzain gaixoak eskuak burura eraman zituen hori jakin zuenean». Liburu oso zaharrak daude liburutegian, hizkuntza askotan argitaratutakoak. Espazioa zabaltzeko asmoa dute.

Eraikineko beste solairu batean, «museo txiki bat» dute jarria, 1813ari eskainia —hiria suntsitu zuten urteari—. Urgull Historico elkartearekin elkarlanean, garai hartako janzkiak, armak eta zenbait tresna dituzte gordeak. Burruntzali handi bat ere han da, tente-tente. «Egunen batean garai hartako kanpaina bazkari bat egin beharko dugu, tresna hauek eramanda. Urte batzuetan, sanjoan suan erabiltzen dugu burruntzalia». Espazio berean daude txalaparta eta kirikoketa bana ere.

Upeltegiko korridorea

1813ko museo txikitik eskailerak jaisterakoan, garai hartako litografia batzuk daude paretan. Eta, noski, ez da dena antzinako ondare. Gaur egun otorduak egiteko jangelak badira anaiartekoaren egoitzan. Zappino jangela, adibidez, areto multimedia gisa erabiltzen dute. Askotariko ekitaldiak egin izan dituzte han; hilaren 23an, «zinemako dastak» egingo dituzte, eta Mondovino dokumentala proiektatuko dute —izena eman behar da aurretik—. Anaiartekoaren GastroAndere sailak antolatutako zenbait ekitaldi egin dituzte egunotan, bidenabar.

Elkarteko jangelarik handienak Munibe du izena. COVID-19aren aurretik, ehun lagun inguru sartzen ziren; egun, 40-50 bazkaltiarrentzat dute tokia. «Urtean behin festa handi bat egiten dugu hemen, eta bi edo hiru pertsona tronuratzen ditugu: ohorezko kofrade bihurtzen ditugu». Jose Maria Busca Isusi kritiko gastronomikoaren omenezkoa da beste jangela bat, txikiagoa.

Bisitariak interes handiz sartu dira sukaldera. 1960ko hamarkadatik berritu ez duten sukaldera. Baina bada eraikinean beste txoko bat oso berezia: ardo upeltegia lurpeko eremu batean dute jarria. Mendiaren barnean noizbait sortua izaki, euri asko egiten duenean beldur izaten dira elkartean. Korridore estu bat dago han, ondoan. Teoria batek dio gaztelutik ihes egin eta hiritik ateratzeko bide bat zela; besteak, San Telmoko fraideak mojengana eramateko bide sekretua zela. Han atzean baitago Santa Teresa komentua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.