Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

'Bullying'

2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Irrati estudiotik at. Zaindutako kazetaritza lana moldatu zigun Maider Martinek bullying-aren gainean, ostiralean Boulevard-en. Teknologia berrien eta denbora faltaren gerizpean kalea gero eta gutxiago zapaltzera ohitzen ari den kazetaritzari muzin eginez, Martin aurrez Iñaki Zubizarretaren hitzaldira joana zen, grabagailua eskuan. Gaztetan jazarpena bizi izan zuen kirolari profesional ohiak Gasteizko 300 ikasleekin edukitako hitzaldi interaktibora, alegia. Etxeko lan horiek egin ostean, ostiralean Zubizarretarekin zuzeneko elkarrizketa prestatu zuen. Bullying-aren gainean irratian nekez egin da irratsaio barru-urratzaileagorik. Erakunde publikoak, beren marketin teknika eta aurrekontu guztiekin, nekez iritsiko dira saioa berdintzera.

Esaldi su piztailea. Espainiako kirol esatariak berriro bilakatu dira polemikaren erdigune. Copen ahots-oilarretako batek, Juanma Castañok, asteartean adierazi zuen futbolariek gauez ez luketela esnatu behar haurrak zaintzeko. Esaldiak lurrikara eragin du sare sozialetan, eta irratiak berak atera dio errentagarritasuna audientzien merkatuan. Ez dirudi aurrez diseinatutako auto-promozio kanpaina izan denik. Ondo etorria bedi esaldia, agerian utzi duelako kirol esatari askoren matxismoa eta klasismoa, eta eztabaida eragin duelako esatarien, entzuleen eta kirolarien artean.

Moles, agur. Zezenketak ondare kultural gisa izendatuta dauzkan Espainiak ezpata-kolpe latza jasan du egunotan. Ser kateak Manolo Moles eta bere Los toros saio mitikoa baztertzea erabaki du, 36 urteren ondoren. Audientzia datuengatik izan omen da; nonbait, hasieran milioi bat entzule izan zituen saioak, eta milaka gutxi batzuetara murriztu da. Tauromakiak Espainian egun daukan predikamenduaren adierazle izan liteke. Baina izango du zerikusirik, halaber, kateak berak azken urteetan Molesi ezarri dion bullying subliminalak. Bai baitago aldea Carrusel deportivo-ren ostean, 01:00etan, emititzetik (hots, audientzia futbolero masiboarekin bat eginda), Celia Blancoren sexuari buruzko Contigo Dentro saio lotsagabearen ostean, 02:30ean, emititzera. Honetaz gero igande gauak zerbaiten faltan izango dira, bai behintzat ni bezalako irrati-entzule frikientzat. Donostiako agintariak eta donostiarren zezenzaletasuna artetsuki goratzen zekien ahots bat galdu du irratiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.