Koronabirusa

Pandemia goraldian da oraindik, eta adierazle guztiek okerrera egin dute

Hilabetean, ospitaleratu kopurua hirukoiztu egin da, eta bi hilabetean izandako heriotzen daturik txarrenak jakinarazi dituzte: 19 lagun hil dira azken astean. Beste 1.954 kasu jakinarazi dituzte

Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
«Egungo positibo tasa larria da». Hala deskribatu zuen atzo izurriaren egoera Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak. Atzo jakinarazitako datuek erakusten dute hori, kasu kopuruak gora egin baitu berriz. Beste behin ere, ia 2.000 kasu zenbatu dira: 1.954 jakinarazi zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak. Baina horri baino gehiago, ospitaleen egoerari erreparatu diote agintariek; kezka «handia» dela azaldu du Alfredo Martinez Larrea Nafarroako Ospitale Guneko zuzendariak. Izan ere, alta hartzen dutenak baino gehiago dira erietxeratzen dituztenak. Hilabetean hirukoiztu egin da ospitaleko arta behar dutenen kopurua. Atzo 398 paziente zeuden Osakidetzako eta Osasunbideko zentroetan, horietatik 79 zeuden larri, ZIUetan. Eta horrek beste kezka bat piztu du: COVID-19az kutsatutako hemeretzi lagun hil dira azken astean; ez ziren hainbeste izan maiatzaren 31ko astetik.

Gutxi dira pandemia bosgarren olatu betean dagoela ukatzen duten adituak. Olatu honek, besteek ez bezala, immunitatea orokortze bidean dagoenean hasi du goranzko bidea, eta haren ondorioak arras desberdinak izan dira. Alde batetik, kutsatzeak adin talde oso jakinetan pilatu dira, immunizatu gabekoetan, eta «esponentzialki» biderkatu dira, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak herenegun azaldu zuenez. Igoera aurreko olatuetan baino bizkorragoa izan da, eta horretan lagundu dute «neurriak laxatzeak eta joan-etorriak areagotzeak», Indurainen hitzetan. «Baita zenbait jarrera arduragabek ere, gutxiengoa izan badira ere», zehaztu du. Horregatik, kutsatuen adinak behera egin ahala, aurreikusi zuten kutsatzeen ugaritzeak gutxiago eragingo zuela ospitaleratzeetan; birusaren aurrean indartsuagoak izanda, arta behar zutenek ospitalean denbora laburragoa ematea ere espero zuten.

Eta aurreikuspenetako bat bete da, behintzat. Osasunbideak eta Osakidetzak azken egunetan eman dituzten ospitaleratuen datuetan nabaria da adinez gazteagoak direla. Osakidetzako ospitaleetan dauden gaixoek batez beste 54 urte dituztela azaldu zuen herenegun Sagarduik: are gehiago, ospitaleratu berrien herenak 40 urtez azpikoak dira. Berdin ZIUetan, batez besteko adina 57,8 urte da, eta %20k 40 urte baino gutxiago dituzte. Osasunbideari dagokionez, aurreko astean ospitaleratutakoen erdiek 42 urte baino gutxiago dituzte, atzo kaleratutako datuen arabera.

Baina ez dira gazteak soilik ospitaleetako oheak betetzen dituztenak. Kezka piztu du kutsatuen kopuruak gora egin ahala jada txertatuta zeuden adin taldeetan positiboak agertu izanak, eta horietako zenbait ospitaleetara bideratu behar izateak. Eta, osasun arreta sakonagoa behar dutenez, ospitalean denbora luzeagoa ematen dute, Martinezen hitzetan. Baina, ospitaleetatik kanpora ere, igarri dute goraldiaren hasieran gazteenen artean zentratutako igoera beste adin tarte batzuetara ere zabaltzen ari dela.

Horixe azaldu du Mari Angeles Nuin Villanueva Nafarroako Osasun Publikoko Institutuko zuzendariak. Haren hitzetan, kutsatzeen bilakaeran nolabaiteko «jaitsiera» sumatu dute, 15 eta 34 urte bitarteko biztanleen artean. Baina intzidentzia goraka ari da nagusiagoen artean. Horren adierazle dira zahar etxeetan agertzen ari diren kasuak. Hasieran kasu bakanak baziren ere, ia 50 kasu zenbatu dituzte jada egoitzetan: Bizkaian 17 positibo atzeman dituzte; Nafarroan 13 izan dira azken astean; Gipuzkoan, 13, eta Araban, 3.

«Delta olatua»

«Bosgarren olatua Delta olatua da», adierazi du Martinezek, «laugarrena alfa olatua izan zen bezalaxe». Eta datuek ere horixe diote, Osasunbideak sekuentziatutako positibo guztien %85 baitira aldaera horretakoak. Osakidetzan zertxobait apalagoa da ehunekoa: azken datuek %75 inguruan kokatu dute aldaera horren ehunekoa.

Aurreko aldaera nagusia baino kutsakorragoa bada ere, Deltaz gain, etor daitezkeen aldaera are kutsagarriagoek pizten dute kezka, nagusiki. Izan ere, Martinezek gogora ekarri duenez, sekuentziazioko datuek erakutsi dute aldaera askotarikoak sartu direla dagoeneko, eta horiek ere nagusi bilaka daitezkeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.