Miguel Flaño

Ez esan agur, gero arte baizik

Osasunan hamabost denboraldi egin ondoren, Kordobara joatea erabaki du gorritxoen kapitainak, jokatzeko aukera bila. Umea zela sartu zen Taxoaren, eta hara itzuliko da kirol ibilbideari amaiera eman ondoren. Atzelaria «gogobeteta» doa: «Barruan daramadan klubaren parte izan naiz».

IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Osasunako jokalari izateari utzi dio Miguel Flañok (Noain, Nafarroa, 1984). Atzelariak kontratua etetea adostu du klubarekin, eta Kordoban ariko da sasoi hau bukatu arte. Kostako zaie zale gorritxoei hark utzitako hutsunera ohitzea. Izan ere, askok ez dute hura gabeko Osasunarik oroitzen. Flañok ia bizitza osoa eman du gorriz jantzita: zazpi urterekin iritsi zen Osasunara, eta, Taxoaren zaildu ostean, hamabost denboraldi egin ditu nafarren lehen taldean. 2004ko irailaren 18an egin zuen debuta, Javier Agirreren eskutik, eta, geroztik, 338 aldiz defendatu du elastiko gorritxoa. Soilik bost jokalarik jantzi dute gehiagotan. Hots, mito bihurtuta utziko du Iruñeko taldea.

Ez da behin betiko agur bat, nolanahi ere, erretreta hartu ondotik Taxoareko kirol esparruan egingo baitu lan. Irakasle ezin hobea izango da harrobiko jokalarientzat: bai urte hauetan guztietan metaturiko eskarmentuagatik, bai zelaian nahiz zelaitik kanpo izaniko kirol lege, konpromiso eta errespetuagatik. Erakutsi du kapitain izateko ez dela zertan oldarkor eta odol berokoa izan. Besokoa modu eredugarrian eraman du hainbat urtez, eta, azken sasoietan neurketa gehienak aulkitik edo harmailetatik ikusi arren, ez du sekula kalapitarik sortu. Egoera onartu du, eta beti konplitu du taldeak bere beharra izan duenean.

Orain, 34 urterekin, zelaian bizi nahi du bere ibilbide profesionalaren azken txanpa, eta horregatik erabaki du Kordobara joatea. Hala azaldu zuen atzo, Sadarren emaniko prentsaurrekoan. Gorputzari jaramon egin omen dio: «Futbolari sentitzen naiz oraindik. Ondo nago, jokatzeko gogo handiz, eta gorputzak zelaian egotea eskatzen dit». Nolanahi ere, ez da urrats samurra izan, eta barne gatazka izan du. «Niretzako erosoena hemen jarraitzea zen, denboraldia ikusgarria ari baita izaten. Baina ez dut gehiago eman ahal izanaren sentipenarekin gelditu nahi. Nire ametsa erretiroa hemen hartzea zen, baina ez da posible izan».

Noaindarra Luis Sabalza presidenteak eta Braulio Vazquez kirol zuzendariak lagunduta agertu zen prentsaren aurrean. Aurreko egunetan «asko» pentsatu ostean, agerraldia ez prestatzea erabaki zuen, hala «bihotzez» mintzatzeko. «Zoriontsu nago erabat. Gogobeteta sentitzen naiz. Dudan guztia eman dut, eta harro nago bizitako guztiaz. Pribilegiatua naiz. Izan ere, barruan daramadan klubaren parte izan naiz». Eskerrak eman zizkien klubeko langileei, taldekideei eta klubari berari, baita zaleei ere. «Azken 27 urteei begiratuta, egunerokoan jaso dudan maitasunarekin gelditzen naiz».

Atzelaririk golegileena

Denetarik bizi izan du Flañok Osasunaren lehen taldean. Debuta egin zuenean, garai loriatsuan zegoen Iruñeko taldea: Espainiako Kopako txapeldunorde izan zen 2004-2005eko sasoian, eta Txapeldunen Ligarako sailkatu zen hurrengoan. Edonola ere, lorpen haietan apenas izan zuen eraginik atzelari nafarrak. 2006-2007ko sasoian hasi zen garrantzitsu bihurtzen, Jose Angel Zigandaren agindupean. Gorritxoak Europa Ligako finalerdietara iritsi ziren orduan. Hortik aurrera, Lehen Mailari eusteko lehian murgildu zen Osasuna, eta orduan hartu zuen kapitain estatusa.

Azken urteetan une gaziak gehiago izan dira gozoak baino: bi jaitsiera, klubaren krisialdi bortitza eta belauneko lesio larria bizi izan ditu, eta apenas jokatu duen azken sasoietan. Hori bai, funtsezko izan zen 2015-2016ko igoeran. Haren hitzetan, «ahaztezina» izan zen urte hura, Lehen Mailan emaniko guztiak bezalaxe. Hori horrela, ez da une jakin batekin gelditzen. «Aste batzuetan, tentsio berezia arnasten zen aldagelan, sailkapeneko egoeragatik. Momentu horiek aukeratuko nituzke, lorpenez harago».

Hori horrela, «pertsona arrunt gisa» gogoratua izatea gustatuko litzaioke Flañori. Jokalari gisa ere, arrastoa utziko du. Maisutasunez gidatu du gorritxoen atzeko lerroa, erdiko defentsa bezala, sendotasun eta fidagarritasun handia erakutsita. Aireko jokoan nabarmendu da batik bat. Defentsan ez ezik, erasoan ere eman du bertute horren berri; zerbaitegatik sartu ditu hamar gol Lehen Mailan. Hain zuzen ere, elitean gol gehien sartu duen atzelari gorritxoa da. Orain, Kordoban saiatuko da bere dohain guztiak plazaratzen. Bertan, bi gorritxo ohi aurkituko ditu egokitzen laguntzeko: Miguel de las Cuevas eta Jaime Romero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.