Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Kontsulta medikoa

2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Kontsulta, egunero. Joxe Aranzabal blogariak ezin ulertua agertu zuen Twitter bidez ostegunean, Felix Zubia medikuarekin nola ez zuten kontsulta jartzen egunero Faktoria-n EIn, entzuleen galderei erantzuteko. Ez zaio falta arrazoirik Aranzabali, halako ahots kualifikatu baten premian egon baikaitezke egunotan, berriketa gozokoa, konfiantza transmititzen duena, modu pedagogiko batean mintzatzeko kapaz dena, euskaraz gainera. Igandero, urtetan, Arantza Arza esatariaren laguntzaz, erakutsi digu zeinen komunikatzaile bikaina den zainketa intentsiboen unitateko langileak.

Badago aldea. Irrati audientziak gora egin duten eta entzuleok iritziak entzuteko bereziki sentibera gauden garaitsu honetan, egin ezazue segimendua eta konparaketa EI eta RErekin, goizetako prime time tarte horretan, egunez egun. Krisialdiaren baitan, Jaurlaritzaren kudeaketaren zaurian hatza sartzeko orduan nor dabilen kontuz eta nor askeago kritikak egiteko garaian. Tertuliak osatzerakoan ere, nor ari den tematzen, nor ez, tesi ofizialak defendatuko dituen ahots bat edo bi kolokatzeko, egunero.

Alvarez Solis. Zaila da zehazten luma ala mihia, zer ote zerabilen aiseago, eleganteago. Ahozkoan adierazten zela bere nortasuna freskoago esango nuke. Bere arrastoaren atzetik joan nintzen 70ko hamarkadaren hondarretik aurrera ezagutzen estatu espainiarreko irrati konbentzionalak, eta horrekin, Jainkoaren parekotzat jotzen ziren Luis del Olmo, Carlos Herrera eta Iñaki Gabilondo deskubritzen. Purrustada itsusirik gabe, aldarte atsegin eta ironikoa inoiz galdu gabe, kritika soziala eta gaztelaniaren erabilpen joria uztartzen maisua zen gizonaren atzetik. 40 bat egunkari eta aldizkaritan idatzi zuela nabarmendu da, baina irratigintza modernoan nekez topatuko dugu hainbeste irratitatik igaro dena; RN1, Ser Katea, Radio Miramar, Cope, RE, Egin Irratia…

Javier Cardenas. Esataria inoiz baino ahoberoago Europa FM irratian goizero, airoso-airoso, saltoki erraldoi bat iragartzen. Denbora pasarako bideo jokoa edo liburua nahi dituzula? Ez irten etxetik. Eskatu online eta 24 orduren buruan etxeratuko dizu banatzaile batek. Ikusten denez, liburu dendak ez dira premia-premiazkoak; bai, ordea, saltoki handiak eta Amazon bezalako negozio erraldoiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.