Tao Geoghegan Hart

Enperadore berria

Geogheganek, Giroa ezustean irabazi, eta berpiztu egin du Ineos taldearen nagusitasuna. Bere bidea urratuta iritsi da gorenera: futbolean eta igerian aritu zen lehenik, apenas ukitu zuen pista, eta Skyren lehen eskaintza baztertu zuen.

LUCA ZENNARO / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Gain behera zihoan, itxuraz, Ineosen inperioa. Azken hamarkadan jaun eta jabe izan ostean, egitura britainiarra desegiten ari zen aurten: Tourrean porrot egin zuen Egan Bernalekin, eta Giroan, hasi eta berehala galdu zuen Geraint Thomasekin irabazteko aukera. Vueltan Chris Froomek erakutsitako ezinak ere aro baten amaiera iragartzen zuen. Dave Brailsforden taldea nagusitasunik eta etxeko ikurrik gabe geratzeko bidean zen. Izan ere, nork hartuko zuen 2012az geroztik Bradley Wigginsen, Froomeren eta Thomasen eskutan egondako aginte makila? Bada, ezustean, haien ondorengo bat agertu da Giroan: Tao Geoghegan Hart (Londres, 1995). Taldeko agintea hartu zuen Thomas erretiratu ondotik, eta maila eman du lider bezala. Hainbeste, ezen Italiako lasterketa arrosaz jantzita bukatu baitu. «Garaipen honen bidez Hackneyko umeak inspiratzea espero dut, amets handiak izan ditzaten alor guztietan», adierazi zuen.

Jai giroa zapuztu zuen igandeko erlojupekoan, azken momentuan garaipenik gabe utzi baitzuen Jai Hindley. Dolomitetan borroka ikusgarria izan zuen australiarrarekin, eta biak denbora berean iritsi ziren azken etapara. Sekula halakorik gertatu gabea zen itzuli handien historian. Hindley iritsi zen lider, baina Geogheganek aurrea hartu zion Milanen: 39 segundo atera zizkion 15 kilometroko saioan. Hartara, maglia arrosarekin kilometro bakar bat ere egin gabe irabazi du Giroa Ineoseko izar berriak; lehen aldia da probaren 102 urteko historian hori gertatzen dena. Corsa Rosa irabazten duen Britainiar irletako hirugarren ziklista da Geoghegan, 1987an Stephen Rochekirlandarra da- 2018an Froomek lortutako garaipenen ostean.

Froomek ez, baina Wigginsek eta Thomasek idatzi omen zioten erlojupekoaren bezperan, aholkuak eta animoak emateko. «Arreta soilik neure buruan eta prozesuan jartzeko gomendatu zidan Bradleyk, eta Geraintek oso mezu atsegina bidali zidan. Nire bizitzaren erdian miretsi ditudan pertsonak dira, eta haien bidez jaso dut honaino iristeko inspirazioa». Gailurrera, ordea, ez da idoloen bide beretik iritsi. Wiggins eta Thomas pistako harrobi britainiar oparoan zaildu ziren errepidean goia jo aurretik; Geogheganek, berriz, apenas zapaldu zuen belodromorik. Eta geroago, baztertu egin zuen Skyk egindako lehen eskaintza, amateurretan eskarmentu handiagoa pilatu nahi zuelako. Alegia, erabaki propioak hartzeko nortasuna erakutsi zuen hasieratik.

Koskaz koska igo da

Haren izena gaelikotik dator, eta jatorri irlandarra eta eskoziarra dauka aitaren aldetik. Hain zuzen ere, eskoziartzat du bere burua, Londresen jaioa den arren, Hackney auzoan. Umetan futbolari erreparatu zion gehienbat Arsenalen zalea da, Wiggins eta Thomas bezala, eta igeriketari heldu zion geroago. Uretan ez zen batere gaizki moldatu: 2008an, Mantxako kanala erreleboka zeharkatu zuen Hackneyko beste bost neraberekin batera. Urte hartan bertan, 200 kilometroko txirrindularitza proba batean hartu zuen parte, eta Hackneyko klubean sartu zen handik gutxira.

Larre motzean hazia da Geoghegan, Londreseko hirigune kosmopolitatik urrun. Esfortzuaren kultura barneratu zuen etxean: aitak igeltsero ziharduen, eta hamasei orduko lanaldiak izaten zituen. Hori horrela, bizikleta ekoizle baten dendan hasi zen lan egiten Geoghegan. Bi urte eman zituen han, eta enpresa britainiarraren babesle bihurtu zen juniorretara igaro zenean. 2014an, 23 urtez azpikoetako bere lehen denboraldian, Axel Merckxen egiturak fitxatu zuen. Besteak beste, bi aldiz igo zen podiumera Lieja-Bastogne-Liejan, eta hala, Skyren arreta bereganatu zuen. Bertan probaldia egin zuen 2015eko azken hilabeteetan, eta hurrengo urtean profesional bihurtzeko eskaintza egin zion Brailsfordek. Ez zuen onartu, goizegi zelakoan. Baiezkoa eman zion 2017an.

Behin World Tourrera iritsita, ez da Egan Bernal, Tadej Pogacar edo Remco Evenepoel bezain azkar loratu. Agerraldi onak eginez joan da, pixkanaka. Giroan Thomasen ezkutari izan behar zuen, baina galestarra erretiratu, eta hegan egiten hasi zen eskoziar gaztea. Distira egin du mendateetan, Rohan Dennis ikusgarri batek lagunduta, eta azken uneko ginga jarri dio Ineosen Giro txundigarriari. 21 etapetatik zazpi irabazi ditu talde britainiarrak. Horietatik bik izan dute Geogheganen sinadura, baita maglia arrosak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.