Eskiaren ikurretako bat itxi egingo dute

Candanchuko (Aragoi, Espainia) eski estazioak ez ditu ateak zabalduko datorren denboraldian. Azkeneko urtean izandako galera ekonomikoek eraman dituzte nagusiak erabaki hori hartzera. Eskualdeko alkateak kezkatuta azaldu dira, ekarriko dituen ondorio ekonomikoengatik.

Karga proba bat Candanchuko eski estazioan, artxiboko irudi batean. LOURDES SARSA/ EFE.
Unai Ugartemendia.
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Oraindik ere negua urruti dagoen arren, albiste da Candanchuko (Aragoi, Espainia) eski estazioa itxi egingo dutela 2021-2022ko denboraldirako. Iaz, pandemiaren eraginez itxita egon zen estazioa, eta aurten ere ez ditu ateak irekiko. Eskiatzaileen artean harrotu ditu hautsak gehienbat albisteak, baina hango turismoari eragingo dizkion kalteak ere ez dira nolanahikoak izango. Azken boladan izandako diru galerak beste aukerarik ez die utzi Candanchuko nagusiei.

Azken orduko albistea da Candanchuko eski estazioko administrazio kontseiluak datorren denboraldian gunea ez irekitzea erabaki duela. Milioi askoren galerengatik eta laguntza publikorik ezagatik, akordio horrek alerta egoeran jarri ditu Aragoi haraneko alkateak, horrek ekarriko lituzkeen kalte ekonomikoengatik. Eski estazioko arduradunek ostiralean adierazi zutenez, pandemiak eragindako murrizketen ondorioz eta aurten izandako galeren ondorioz, proiektuaren bideragarritasuna «jasanezina» da epe ertainera. Haien hitzetan, hartutako azken erabakiak ez du atzera-bueltarik.

Koronabirusaren ondorioz, hartutako erabakiak jarduerarik gabe utziko du Candanchuko eski estazioa 2021-2022ko neguko denboraldian. Neguko zentro horrek argi eta garbi iragarri du ez dituela pistak irekiko datorren denboraldian. Badirudi erabakia irmoa dela, gaur-gaurkoz. Horrelakoetan askotan gertatzen den antzera, argudio nagusia ekonomikoa izan da oraingoan ere. Iazko denboraldian bi milioi euro baino gehiagoren galerak izan dituela azpimarratu dute agintariek. Azken urteetako elur baldintzek ez zuten asko lagundu, eta, pandemiaren eraginez, krisia areagotu egin da Aragoiko estazio horretan, eta Candanchuk ezin ditu galera handiak bere gain hartu 2020tik. Horrenbestez, zuzenean lanik gabe geratuko dira 150 langile baino gehiago eta beste sasoietako langile asko.

Iragarpenak kezka eragin du Aragoiko haraneko alkateen artean, besteak beste, Aisako, Canfranceko, Villanuako, Borauko, Castiello de Jakako herrietako alkateen eta Aisako Baso Mankomunitatean. Egindako lehen bileren ostean, ohartarazi dutenez, itxita egoteak «kalte larria» egingo lioke inguruko ekonomiari, zalantzarik gabe, elurra sektore estrategikoa baita inguruko jardueran.

Euskal Herriko eskizaleak

Hango biztanleez gain, hainbat eta hainbat dira, negu garaian bereziki, Aragoiko lurretara ia asteburuero joaten diren euskal herritarrak. Horiengan ere eragin handia izan du, dagoeneko, azken egunetan hartutako erabakiak.

Igor Alzelaik (Legazpi, Gipuzkoa, 1978) ondo baino hobeto ezagutzen ditu Candanchuko inguruneak. Hainbat euskal herritarrek bezala, bigarren etxebizitza du han. Eskiatzailea izateaz gain, gaur egun mendi eskiko euskal selekzioko hautatzailea ere bada. «Ez da batere albiste ona Candanchu ixtea. Eski estazioaz gain, haren inguruan biltzen diren hainbat jarduerarentzat ere kolpe gogorra izango da», adierazi du Alzelaik. Halere, ez du baztertzen, azken unean eta denen onerako, akordio bat lortzea. «Jende askoren ogibidea dago jokoan. Haraneko jende asko dago tartean, eta turismoak ere indar handia dauka».

Aspalditik izan da Candanchu erreferente handietako bat eskizale euskal herritarrentzat. 1928an ireki zuten lehenbizikoz Aragoiko estazio hori, eta betidanik izan dira euskal eskiatzaileak hango mendien pendizetan. Alzelaik orain dela lau urte erosi zuen etxebizitza Candanchun. «Nik, bertara joaten naizenetik, beti ezagutu ditut euskaldunak hemen. Garai haietan egin zituzten lehen etxeetako asko euskaldunek erosi zituzten jada. Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko jende askok dauka etxea hemen. Haien ondorengoek ere jarraitu dute etortzen», gaineratu du Alzelaik.

Baina euskal herritarrak ez dira eskiatzera bakarrik joaten Aragoi aldera. Mendizaletasuna xede dutenek ere oso gogoko dute Aspe mendiaren magalean aurkitzen den Aragoiko eremua. Aspaldidanik bizitzaren zati handi bat han egin duten euskaldunak oso bertako sentitzen direla ere aitortu du Alzelaik. «Oso candanchu-zaleak dira gehienak: ezin da imajinatu ere egin!».

Baina Candanchuko egoera larria ez da gaur egungoa bakarrik. Lehen ere izan ditu antzeko egoerak, baina, azkenean, taldean bertan zeuden enpresarien eta jendearen bultzadarekin aurrera atera izan zituzten egoerarik okerrenak ere. Oraingoan ere esperantzara kondenatuta jarraitzen dute.

Leku estrategikoan dago eski estazioa; Jakatik 28 kilometrora, Canfrancetik 11 kilometrora eta Frantziako muga urratuz, Candanchu izan da hainbat hamarkadatan bi mugetako hainbat kirolariren lehentasunezko helmuga. Baina inguruko herritarrek eta enpresariek sentimendu gazi-gozoz begiratzen diote geltokiari. Gobernuaren arabera, azken jabetzak ez du behar beste inbertitu instalazioetan, eta arazo ekonomikoak aurreko jabetzaren ondorio ere izan ziren. Baina ixteko abisuak alarmak pizten ditu.

Candanchuko itxierak EuskalHerriko herritarrengan izango duen eraginaz mintzatu da Alzelai. «Iaz ere estazioa itxita egon zen pandemiarengatik, eta bertako gehienek Astuneko (Aragoi, Espainia) eski estaziorantz jo genuen. Nahiz eta Candanchuko estazioa itxita egon, jendeak beti aurkituko du eskiatzeko beste eremuren bat: esaterako, Formigal [Aragoi] edo Panticosa [Aragoi]».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.