Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Lotsa gutxi

2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Irailaren 16an estreinatu zuten Benetan zabiz? podcasta Aitziber Grados Muñoak eta Malen Altuna Biterik, EITBn. Lehenengo atalean aitortu bezala, Gazteako Didan zuten Juergi izeneko sekzioaren jarraipena da saioa. Bekadunak zirela ostegunero egiten zuten bospasei minutuko ataltxoa igandeetako bi orduko irratsaio bihurtu da, ostiraletan podcast moduan eskaintzen dutena. Uhinetaraturiko saioak editatu eta nahieran jartzea hainbat irratitan egiten dute; kasu honetan, alderantziz gertatzen da: lehenengo podcasta eta gero emanaldia.

Formatua ez da originala: bi esatari eta elkarrizketatu bat. Gonbidatuek zerbait berezia dute: ez dira politikan, kirolean edo kulturan lehenengo lerrokoak, baina bai ezagunak sare sozialetan, bereziki gazteen artean. Lehenengo hiru ataletatik pasatu dira Ane Lindane bakarrizketaria, Albina Stardust drag queen-a eta Danelicous influencer-a. Arrosali izeneko konputadora-ahotsa duen pertsonaiak, aurkezleak baino zerbait askeago denak, galdera ausartak egiten ditu. Lotsabako, baina neurrian. Ez dute albistegiak betetzen dituen gaurkotasunaz hitz egiten, baizik eta gizartean, eta gazteen artean, hizpide diren gaiez: gorrotoa, identitate eta askatasun sexuala, eta pertsonekiko errespetua. Tonu arina eta umorea erabili arren, ez dira arinkeriaz ari.

Bertikala izeneko podcastaren bigarren atalean ere umorez tratu zuten lodifobia, eta sareetan birala bihurtu omen zen. Tabakaleratik sortua, irratira salto egin zuen saio horrek. Laura Re Lozanok eta Sara del Rio Loiartek gidatua, lau atal eskaini dituzte momentuz, eta bertara gonbidatu dituzte Kattalin Miner kazetari eta aktibista feminista eta ALOS aka DjMiau.

Formatuaz eta gaztetasunaz harago, belaunaldi berriekin lotzen dituzten beste ezaugarri batzuk partekatzen dituzte bi saio horiek: Tik Tok, Instagram eta beste sare sozialetan euren soslaiak dituzte eta like bila ari dira. Euskarari dagokionez, kortse hertsietatik ihes eginez, norberaren euskalkia edo erdal esamoldeak erabiltzen dituzte, Laura Reren kasuan, euskaldun berriaren aldarriari lotuta.

Bertikala-koek dioten moduan, millennialkeriak atsegin dituztenentzako saioak dira, baina aitortu behar dut, horizontala naizen arren, gustura aditu ditudala, albistegietako larritasunetatik ihes egiteko parada eman baitidate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.