Pastor
DARWIN ETA GU

Espainia ala askatasuna

2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Madril is on fire. Hauteskundeak egingo dituztela eta, kanpainako leloa plazaratu du Isabel Díaz Ayusok: Komunismoa ala askatasuna. Ayuso andreak ahokada bota du: «Faxista deitzen badizute, Historiaren alde onean zaude».

Faxista deitzen badizute, hainbat argudio dituzu eskura horri erantzuteko. Historiaren alde onean zaudela esatea, ez —faxista bat ez bazara—. Erantzun horrek ondorioak izango lituzke edonon, Espainian izan ezik. Frantzian norbaiti kolaborazionista deitu eta hori Historiaren alde onean egotea dela erantzuten badu, amaitu egingo da haren karrera politikoa. Berdin gertatuko zaio nazismoa Historiaren alde onean kokatuta dagoela esango duen politikari alemaniarrari. Espainian, zergatik ez? Kolaborazionistek eta naziek gerra galdu zuten. Espainian faxismoak irabazi zuen. Haren itzala eta boterea inoiz ez dira guztiz garaituak izan. Basapiztia bizirik dugu, gehienetan lo, eta ez da komeni esnatzea —Pablo Iglesiasek horixe leporatu zien independentista katalanei—.

Eskubide teoriko batzuk bermatuak dira Espainian, baina horien aplikazio praktikoa ez da berdina herritar guztientzat. Adierazpen askatasuna, adibidez. Faxismoa Historiaren alde onean dagoela esan dezakezu, lasai asko. Ez dut pentsatu ere egin nahi zer izango litzatekeen euskal politikari batek ETAko kidea izatea Historiaren alde onean egotea dela esango balu. 26 milioi putakume fusilatzearen alde ager zaitezke —Espainiaren batasuna zalantzan jartzen dugun euskaldun guztiok barnean—, baina Justiziak auzia artxibatuko du, hitzak txat pribatu batean idatzi dituzulako. Ez nioke inori aholkatuko Borboiak putakume kuadrilla galanta direla eta gillotina merezi dutela adieraztea, txat pribatu batean egingo balu ere.

Joan Coscubielak, Katalunian Cs, PSC eta PPren txaloak jaso dituen ezkertiar funtsean unionistak, argi esplikatu du Espainiak eskuin benetan liberal bat ez izatearen arrazoia: «Herrialdeko berezko egitura soziala, haren kazike oinarriak». Txileko presidente Salvador Allendek zer kontatu zion adierazi zuen hitzaldi batean Eduardo Galeanok: Santiagoko familia aberatsenetako baten neskameak arropak ezkutatu zituen, ezkerrak bozak irabazi eta kendu egingo zizkiolakoan. Fraga antzeko beldurraz baliatzen zen kanpainan, Galiziako nekazari txikiei hauxe iradokitzen zienean: sozialistek kolkhoz bihurtu nahi zituzten haien baserriak.

Eskuinak badaki nola jokatu herrialdearen esentzia santua defendatzeko. Eta ezkerrari botoa ematen dioten herritarren barrenak astintzen ditu Espainiaren batasuna auzitan jartzen denean. Pultsio frankista edo joseantonio-a pultsio espainiar castizo bihurtzen da ezkertiar askoren artean, baita iraultza maite duten zenbaiten artean ere. Iraultza espainiarra, inoiz gertatu ez dena. Eta Historiaren fase honetan gertatuko ez dena.

Espainia ala askatasuna da kontua. Izan ere, askatasuna, maila nazionalean, espainiarrentzat eta haien burua espainiartzat duten euskal herritarrentzat baizik ez dago bermatuta. Eta arlo sozialean soilik jauntxo eta boteretsuen ondoan daudenek eskuratzen dituzte, osotasunean, askatasun eta eskubide guztiak. Ez dago aldatzerik. Omeleta egina da. Bitartean, Coscubielak aipatutako berezko egitura sozialak eta kazike oinarriek bidea errazten diote faxismoari, modu leun oharkabekoan.

Roger Rosenblatt kazetari estatubatuarrak McCarthy-ren garaietan gertatutako pasadizoa azaldu du liburu batean. Bekak jasotzeko, ikasle estatubatuarrek agiri bat sinatu behar zuten, estatuari leialtasuna adierazteko. Harvard-eko dekano batek neurria defendatu zuen fakultatearen bilera batean, tramite formal hutsa zela argudiatuz, gutun-azal batean zigilu bat estanpatzea bezalakoa. Renato Poggioli irakasle italiarra bertan zegoen. Aulkitik jaiki eta kontra egin zion: «Dekano jauna, ni Italia faxistatik nator eta zerbait esan nahi nizuke. Norbaitek mingaina zigiluetatik pasatzen badu, azkenean beste leku batetik pasatu beharko du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.