«Bikoiztutako zergak? Ken dezatela BEZa»

Irune Lasa.
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren kontra gehien erabilitako argudioetako bat da zergapetze bikoitzarena, eta zenbaitzuek erabiltzen dute ondare zerga gaitzesteko ere; haien arabera, zerga horiek berriz zergapetzen dute jada errenta zerga ordaindua duen aberastasuna. Zubiriren erantzuna berehala dator: «Hori bada argudioa, ken dezatela bihar bertan BEZa (balio erantsiaren gaineko zerga); kontsumoa ordaintzeko erabiltzen ari zaren diruak ordaindu du jada PFEZa. Zergatik ez da hori egiten? Funtsean, bi gauza desberdin zergapetzen direlako: batetik, kontsumoa, eta, bestetik, errentak».

Ondare eta oinordetza zergekin ere baliagarria da ideia hori, Zubiriren arabera. «Ondare zergak errentaren erabilera zergapetzen du, diruaren pilaketak erosketa gaitasuna handitzen duelako. Zerga horrek helburu jakin batzuk ditu, gainera: aberastasunaren kontzentrazioa murriztea, eta PFEZaren inperfekzioak konpentsatzea, besteak beste, kapitalak lanak baino gutxiago ordaintzen duelako». Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergak, berriz, «aberastasunaren transmisioa zergapetzen du; hain zuzen, ondare hori jaso duenari ezartzen zaio. Loteria tokatuko balitzaizu bezala da».

Oinordetzen zergaren kontrako beste argudioa tasak ordaintzeko diru likidorik ez dagoen kasuak izaten dira. «Gerta daiteke jasotzea likidoa ez den aktibo bat, etxebizitza bat, negozio bat; zerga pagatu behar izatea eta ez likidorik izatea. Hor irtenbideak eskaini behar dira, eta zerga erreformatu. Baina irtenbidea ezin da izan kasu gutxi batzuengatik, besterik gabe, zerga kentzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.