Realak eta Alavesek beren onera itzuli nahi dute gaur, xedeak bideratzeko

Gipuzkoarrek Granada hartuko dute, Europan sartzeko lehiakideetako bat. Muñizen aroa Real Madrilen zelaian abiatuko du Alavesek

enaut agirrebengoa
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Denboraldiko azken partidek final kutsua hartu dute Alavesentzat eta Realarentzat. Estutu egin beharko dute beren helburuak lortzeko, geldialdiaz geroztik puntu gehiegik egin baitiete ihes biei. Txuri-urdinek Europa Liga dute jomugan, eta sailkatzea esku artean dute gaur-gaurkoz. Haatik, lehia estua ari dira izaten atzetik dituzten taldeekin. Horietako bat Granada da, gipuzkoarren gaurko aurkaria. Alavesek, berriz, beheraldi betean egingo dio bisita ligako liderrari, Real Madrili. Entrenatzailez aldatu berri dute arabarrek, eta ikusteko dago Lopez Muñiz aulkian dela zer egiteko gai diren. Asko hobetuta ere, miraria beharko lukete azken zazpi partidak irabazi dituen aurkaria menderatzeko.

Realak erdipurdi jarraitzen du. Eten egin du bolada txarra, baina oraindik ez du erabat irauli. Espanyolen aurka geldialdiaren osteko lehen garaipena lortu ondotik, puntu bakarra urratu zuen iragan astelehenean, Levanteren zelaian. Hori horrela, itxura hobea ematen eta hiru puntuak lortzen saiatuko da gaur, Granadaren kontra. Irabazita, zazpi puntura utziko luke Diego Martinezen taldea, eta, gainera, seigarren jarriko litzateke sailkapenean, Getaferi aurrea hartuta.Baikor mintzatu zen atzo Imanol Alguacil: «Ni Oriokoa naiz, eta Oriok azken olatua hartzen duenean, kontuz. Jokalariak oso gogotsu ikusten ditut. Partida zaila izango da, eta ea kapazak garen aurrera ateratzeko». Teknikari txuri-urdinak lanak izango ditu deialdia osatzeko, guztira sei jokalari baitaude min hartuta: Zaldua, Januzaj, Gebara, Zurutuza, Sangalli eta Illarramendi. Odegaard eta Barrenetxea, berriz, kili-kolo dabiltza.

Alavesek erronka handiagoa izango du gaur, sasoiko garairik zailenean ariko baita olatu aparretan den Real Madrilen kontra. Bi taldeen dinamikak guztiz kontrakoak dira. Neurketa apur bat oreka lezakeen gauza bakarra, Muñizen eragina da. Entrenatzaile berriak apenas izan duen denborarik gaurko lehia prestatzeko; hortaz, aldea, egotekotan, aldartean egongo da. Jokalariak jota gelditu dira azken bost partidak galdu ondotik. Muñiz, berriz, pozik dago aurkitu duenarekin. «Jokalariek prestasun handia dute. Gogoa eta ilusioa dute azken txanpa ona osatzeko». Gaurko lehiari begira, talde «alaia» eta «ausarta» ikusi nahiko luke. Bi jokalari garrantzitsu faltako zaizkio: min hartutako Duarte eta Pacheco. Tachi eta Ismael Gutierrezek ere arazo fisikoak dituzte. Daudenek dena eta gehiago eman beharko dute hemendik eta liga amaitu bitartean, eta gaurtik hasi behar dute, aurkaria beldurgarria izanda ere. Futbolean, inoiz ez da jakiten puntuak non eta noren aurka atera daitezkeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.