Igone Campos. Mendiko eskiatzailea

«Espainiako Kopako formatu berria oso egokia izan da niretzat»

Gastroenteritis baten erruz, Igone Camposek ez du esperotako debuta izan Munduko Kopan. Baina aurrerapausotzat jo du bertan egotea.

LUIS ORDOÑEZ.
Unai Ugartemendia.
2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Kopan bikain aritu zen Igone Campos (Zumarraga, Gipuzkoa, 1991). Iazko denboraldi onari segida ematen ari zaio. Bigarren amaitu zuen, eta horrek aukera eman dio Munduko Kopan estreinakoz aritzeko. Andorran izan da, asteburuan.

Gastroenteritis batek ez dizu zure onena ematen utzi Andorran. Penaz egongo zara, ezta?

Boi Taullen amaitu, eta gastroenteritis batek jota pasatu nituen ostegunera arteko egunak. Oso ahul joan nintzen Andorrara. Baina, larunbatean bertan, irtetea erabaki nuen. Oso lasterketa teknikoa izan zen. Inoizko probarik gogorrena izan zen niretzat. Txikituta amaitu nuen, hustuta zeharo. Gauean berriro ere beherakoarekin egon nintzen. Baina igoera bertikalean ateratzeko hautua egin nuen. Asko sufritu nuen. Pena handia eman dit nazioarteko lehen lasterketa honetan baldintza hauetan lehiatzeak. Nire esku zegoen guztia egin dut.

Baina jauzi handia egin duzu urte batetik bestera, ezta?

Bai. Hemen jada ezin da ezer oparitu, hutsegite txikienak jokoz kanpo uzten zaitu. Izugarrizko maila duten eskiatzaileak dira. Frantziarrak, italiarrak eta suitzarrak gorenean dabiltza azken urteetan. Elurretan bizi dira, eta ni haiengandik ahalik eta gehien ikasten saiatu naiz. Hau beste kontu bat da!

Bertan egoteko aukera, Espainiako Kopan bigarren amaitu ondoren lortu zenuen. Sierra Nevadan, lehen proban, emaitza bikainak lortu ondoren joan zinen Espainiako Kopako bigarren probara, Boi Taullera. Zer moduz sentitu zinen?

Uste baino hobeto. Banakakoari beldur pixka bat nion. Jaisten ez naiz beste batzuk bezain ondo moldatzen, eta horren beldur nintzen, denbora asko galduko nuen beldur. Azkenean, bosgarren amaitu nuen, baina uste baino denbora gutxiago galduta. Lortutako emaitzarekin oso pozik amaitu nuen larunbatean.

Zure espezialitatean, igoera bertikalean, maila handia erakutsi zenuen, bigarren izan zinen.

Oso lasterketa motza egitera behartu gintuzten eguraldiagatik, eta, azkenean, 500 metroko desnibelari heldu behar izan genion. Banekien hasieratik nire onena ematera irten behar nuela, eta, gero, ahal nuen denbora gehienean onenei eusten saiatu nintzen. Amaieran, ihes egin zidan irabazleak. Hamalau segundoren aldearekin irabazi zuen.

Igotzaile aparta zarela kontuan hartuta, formatu berri hau zuretzat aproposa dela esan dezakegu?

Bai, niretzat aproposa da. Hala ere, bertikalak ez ditut bereziki entrenatu. Hiru diziplinak berdintsu entrenatu ditut. Bi bertikaletan bigarren egin dut, eta esan dezaket ondo aritu naizela. Diziplina bertikalean aritu naiz gusturen, ez delako hain teknikoa. Banakakoan, esaterako, faktore asko daude, eta zerbait gaizki ateratzeko ez duzu askorik behar. Bakoitzaren esku ez dauden gauza asko daude.

Hurrengo erronka Espainiako selekzioan jarraitzea izango al da?

Asmoa bai, baina zaila dago. Alemanian izango den Munduko Kopako probara hiru eskiatzaile joango dira bakarrik, eta Txinakora bakarra. Helburu nagusia martxoko Espainiako Txapelketak izango dira.

Ondoren, Europako Txapelketak ere jokatuko dira Italian. Han egotearekin amesten al duzu?

Espainiako Txapelketetan oso ondo aritu beharko dut, gero hara joateko aukerak izateko. Italiakoa, gainera, Munduko Kopako proba ere izango da aldi berean. Alde horretatik, bi helburu beteko nituzke batean.

Urteko helburuak zein ziren?

Helburu nagusia Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketara joatea zen, baina saria aurreratu egin da. Bertan sartzeak motibazio gehigarri bat eman dit, hori argi daukat.

Orain egutegia aldatu egingo al duzu?

Ikusi egin beharko da. Hasiera batean, Bandres-Karoloren omenezkoan, Altitoy-Ternuan eta Alta Ruta Pyrennen arituko naiz. Altitoyra Fatima De Diego madrildarrarekin joango naiz. Aurten ez naiz Grande Courseko egutegian izango. Lanarekin, ezingo naiz denetara joan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.