Ziztatua izan den emakume bat

«Bat-batean, lurrera erori nintzen, eta ez naiz bertze ezertaz oroitzen»

2022ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Baztandarren Biltzarra uztailaren 17an egin zen, Elizondon (Nafarroa). Desfilearen ondotik izaten den bazkarian zegoen emakume batek ziztada bat sentitu zuen, eta, handik gutxira, konortea galdu zuen. «Bazkalondoan lagunak hitz egiten geunden, baina, nire mahaikoak nahiko isilik zeudenez, ondokora joan nintzen. Bat-batean, lurrera erori nintzen, eta ez naiz oroitzen hortik aurrera zer gertatu zen».

Ingurukoek larrialdi zerbitzuetara deitu zuten, eta emakumea Iruñera eraman zuten, ospitalera. Emakumea gogoratzen ez bada ere, berarekin ospitalean zegoen lagunak kontatu zion tarteka esnatu, botaka egin, eta segituan lo hartzen zuela. Lo zegoen bitartean, odol analisiak egin zizkioten.

Bere onera etorri zen momentuaz ere gutxi gogoratzen du emakumeak: «Oso urduri nengoen; ezin nuen arnasarik hartu. Gaizki esnatu nintzen, buruko minarekin eta desorientatuta. Ez nekien zer gertatua zen».

Medikuekin hitz egin izanaz ere ez da ongi gogoratzen. Harekin ospitalean zegoenak gogorarazi zion arratsalde hartan ez zuela ziztaden inguruan ezer esan. Ez zuen salaketarik jarri, eta «nekeari eta beroari» egotzi zion gertatutakoa. Biharamunean erran zuen, etxean: «Beti ubelduraz beteta nagoenez, ez nion garrantzirik eman, baina banuen ziztada marka bat». Euskal Herriko bertze zenbait eskualdetan gertatutako kasuek, ordea, gogora ekarri diote arratsalde hura, eta «gehiago izutu» da.

Ospitalean ziztadaren inguruko ezer ez zuenez aipatu, medikuek «intoxikazio» bat izan zitekeela ondorioztatu zuten. Beroak, nekeak edo jan zuen zerbaitek gaizki egin izanen ziotela argudiatuz. «Deskantsatu behar nuela erran zidaten», adierazi du emakumeak.

Ziztada gertatu eta hurrengo egunetan ondorioak izan zituen. «Biharamuna eta hurrengo egunak izan ziren okerrenak. Hiru astez lorik egin gabe nengoela ematen zuen. Oso ahul nengoen, zorabiatuta eta buruko minarekin».

Gertatutakoaz geroztik, eta egunotan salatu diren kasuen berri izan eta gero, izututa dago. Lagunekin edo ezagunekin irteten da: «Bakarrik ateratzeak beldurra ematen dit, berriz ere gauza bera pasatzeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.