BERRIAk hamabost urte. Langileen oroitzapenak

Gertatuak gogoan, etorkizunerantz

Datorren ostegunean hamabost urte beteko dira BERRIAren lehen zenbakia kioskoetara iritsi zenetik. Egunkaria itxi ostean hasiera zaila izan zuen arren, gaur egun puntako hedabideen lorpenak, kezkak eta erronkak ditu. (Bideoa artikuluaren amaieran).

Lehena. BERRIAko langileak, egunkariaren lehen zenbakiarekin, 2003ko ekainaren 21eko goizaldean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Lagunak oraindik kartzelan, eta erredakziorik gabe: horixe zen egoera BERRIAren lehen zenbakia kioskoetara heldu zenean. Heldu zen, ordea, 2003ko ekainaren 21ean, eta hala egiten jarraitzen du hamabost urte pasatu ondoren ere. Giro ezegonkorrean jaio zen, baina egunkari heldua da BERRIA, eta puntako hedabideek dituzten erronka berberak ditu egun, hala nola digitalizazioa eta kalitatezko kazetaritza. Erronka nagusia, ordea, bat bakarra da: goizero-goizero mundua euskaraz kontatzen jarraitzea.

Ukaezina da mundua asko aldatu dela azken hamabost urteetan; BERRIA bera ere bai. Hala ere, bertako langile asko Egunkaria-n ziren jada, 2003ko otsailaren 20an euskarazko kazeta nazionala Juan del Olmo epailearen aginduz itxi zutenean. Hilabete zoroak izan ziren. Urduritasuna, giro gogorra, nekea, eromena, beldurra. Horiek dira BERRIAko langile askok aipatzen dituzten hitzak, egunkariaren sorrera garaiaz galdetzean. Oso bestelako hitzak ere badatoz gero, ordea: ilusioa, lanerako gogoa, babesa, sostengua, lasaitua, esker ona, poza. Emozioen zurrunbilo batean igaro zituzten egun haiek.

Itxia, baina ez isildua titulua datorkio gogora Nora Arbelbide Lete Baionako delegazioko kazetariari; Egunero-ren lehen zenbakiak izan zuen izenburua, hain zuzen. «Mundua euskaraz kontatzen ahalegintzen ginen egun guziz, titulu hori berresteko ahaleginetan». Zerbitzuetako langileak ere jo eta ke ibili ziren lehen zenbakia plazaratu aurreko hilabeteetan. «Ni akzioak saltzeaz bakarrik gogoratzen naiz: denbora guztia telefonoan, saldu eta saldu», gogoan du Atsegine Garcia De Marco publizitateko langileak. Irene Arrarats euskara taldeko arduradunaren iritziz, Egunkaria-rekin gertatutakoak biziki markatu zuen BERRIAren sorrera: «Kezka handia genuen, berriro ez ote zen halako zerbait gertatuko». Amagoia Mujika kazetariaren ustez, gainera, kezka hori ez zen desagertu lehen zenbakia argitaratu zuten momentuan: «Beldur hori hor egon zen, lehen urteetan behintzat». Oso ondo gogoratzen du bezpera, ekainaren 20a. «Oso goiz entregatu behar genuen; kiosko askotara heldu nahi genuen, ale askorekin».

Emozio positiboek eman zieten aurrera egiteko indarra. «Proiektu berria zen, eta guztiok geunden lehen urratsak egiteko gogoz», adierazi du Arantxa Elizegi Egilegor kazetariak. Bilboko delegazioko Gotzon Hermosillak ere indar hori du gogoan: «Jende askoren babes eta sostengua izateak eman zigun bultzada».

Hasieratik dirauten langile horiek ez dute ahaztuko garai hura, baina egoera desberdina da azken urteetan sartutako kazetari gazteentzat. Itziar Ugarte Irizarrek 8 urte zituen BERRIA sortu zenean. «Ez naiz akordatzen; kontzientzia hartzen hasi nintzenetik, goizero jaso dut etxeko buzoian». Jon Olano Urain, berriz, selektibitatea bukatu berri harrapatu zuen proiektu berriak. «Matraka-ren bidez izan nuen BERRIArekiko lehen konexioa; gehigarri horrek oso ondo konektatzen zuen nire adineko gazteekin». Ugartek nabarmendu du BERRIA beti izan duela presente euskarri digitaletatik: «Belaunaldi digital horren parte naiz».

Digitalizazioa da, hain zuzen ere, egunkariak izan duen aldaketa nabarmenetako bat, eta hala nabarmendu dute elkarrizketatutako langile guztiek. «Lana asko erraztu digu teknologiak», adierazi du Maixa Olano diseinuko arduradunak, «lehen, material guztia fisikoki izan behar genuen hemen». «Lan hobeak egiten ditugu, denbora laburragoan», gehitu dio Joxean Apeztegia infografistak. 2014an egin zuen BERRIAk azken diseinu aldaketa handia. «Igandeetako azal berezia sortu zen, aldizkari itxura duena. Garrantzi handia ematen zaio azal horri, eta aste osoko lana baldintzatzen du, nolabait», adierazi du Maixa Olanok. Apeztegiak nabarmendu du grafikoen aldetik ez dela halako aldaketa bat-batekorik izan, «progresiboagoa» izan dela. «Atzera begiratzen badugu, ordea, izugarri aldatu da egiten duguna».

Mundu digitalera jauzi egiteko prozesuan, berebiziko garrantzia izan du webguneak. Aitzindari ere izan da BERRIA, Esnaola kazetariak gogora ekarri duenez: «2009ko maiatzean, zuzenean kontatu genuen Espainiako Errege Kopako finala erredakziotik, Athletic eta Bartzelonaren artekoa. Urte bereko abenduan hasi zen Egunkaria-ren aurkako epaiketa, eta okurritu zitzaigun hura ere zuzenean kontatzea». Esan eta egin: Martxelo Otamendi zuzendari eta auzipetuak baimena eskatu ostean, Aitziber Laskibar kazetariak auzitegiko prentsa aretotik eman zuen zuzenean epaiketaren berri. «Gerora esan ziguten Espainiako Estatuko lehen hedabidea izan ginela epaiketa bat zuzenean kontatu zuena», gogoratu du Esnaolak.

Aitzindari izatea ez da BERRIAk egin duen meritu bakarra. Hamabost urteotan, izugarri hazi da familia. Gurutze Zabaltza administrazioko langileak azaldu du zerbitzu ugari eskaintzen duela egun Zerbitzuak markak. «Besteak beste, administrazioko lan guztia euskaraz egiteko aukera eskaintzen dugu: lan kontratuak, ogasunarekiko harremanak, kontabilitatea... Normalean ez dira euskara hutsean egiten, eta guk aukera hori ematen dugu».

Teknologia berriek ere aldaketa nabarmenak ekarri dituzte haien lanera. «Komertzialak, gaur egun, tabletarekin joaten dira leku guztietara», adierazi du Elena Fernandez Moya publizitateko langileak. «Ez da berdina bezero bati azaltzea zer saldu nahi zaion, edo webgunea erakustea».

Elizegiren iritziz, webguneko kazetaritzak badu paperekoak ez duen xarma bat: «Toki polita da, ikusten delako irakurleek zer erreakzio duten; hartu-eman bat dago». Mujikak, ordea, nabarmendu du ez dela paperekoa ahaztu behar, eta garrantzi berezia ematen diotela oraindik: «Gai batzuk era sakonean lantzen saiatzen gara paperean, eduki propioa sortzen».

Estilo liburua da BERRIA erreferentzia bihurtu duten beste produktuetako bat, eta hura sarean jartzea ere mugarri izan dela uste du Arraratsek: «Etengabe edita dezakegu, dohainik kontsulta daiteke, interaktiboa da, zuzeneko harreman bat dago... Nik uste dut horrek ekarri diola aldaketarik handiena euskara taldearen lanari».

Etorkizunera begira jarrita, langileek ez daukate argi nolakoa izango den haien lana hemendik beste hamabost urtera. «Konplexua egiten zait prentsaren etorkizunaz jardutea. Hala ere, uste dut egokitzea izango dela gakoa; teknologiak ekartzen duenera moldatzen ikastea», iragarri du Ugartek. Jon Olano ados dago: «Orain arte egokitu gara, eta etorkizunean egokitzen denak iraungo du; gainerakoek, ez. Guk gure berezitasunak dauzkagu, eta ikasi beharko dugu horiekin aurrera egiten».

Bi gazteek argi dute BERRIAren iraupena ezinbestekoa dela euskal komunitatearentzat. Ugarte: «Indartu beharreko proiektua da, euskararen transmisiorako gakoa. Bide bat marraztu da orain arte, baina lan asko dago oraindik egiteko, jende gehiagoren erreferente bihurtzeko». Olanok, berriz, ez erlaxatzeko deia zabaldu du. «Euskara espazioak irabazten joan da. Gure belaunaldia euskararen nolabaiteko normaltasun batean jaio da, edo ez behintzat gure aurrekoek izan zuten anormaltasunean. Ez dugu izan espazio berriak irabazteko behar hori, baina gure ardura da lortutako espazioak ez galtzea. Askotan, ez dugu ikusten arriskua, eta iruditzen zait beti presente izan behar dugula hor dagoela, gal daitezkeela».

[youtube]https://youtu.be/9xC4Vb3x0lA[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.