Iragarritakoa bete, eta Valverdek irabazi du Indurain saria

Erredakzioa
2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Alejandro Valverde (Movistar) aseezina da, eta atzo Miguel Indurain sari nagusia irabazi zuen—2014an ere lortu zuen—, Lizarran (Nafarroa). Valverde zen irabazteko hautagai nagusia, eta ez zuen huts egin. Ederki biribildu zuen taldearen lana, eta sasoiko bederatzigarren garaipena lortu zuen.

Haizearen ondorioz, hasieran tentsioa izan zen. 25. kilometroan osatu zuten eguneko lehen ihesaldia zortzi txirrindularik. Tartean ziren Oscar Rodriguez (Euskadi Murias), Joaquim Silva (Caja Rural) eta Ion Ander Insausti (Euskadi). Bi minuturen abantaila izan zuten. Baina 97. kilometroan, Jack Haigek erasoa jo zuen (Mitchelton-Scott), eta hor hasi zen apurtzen ihesaldia. Bata bestearen atzetik harrapatuz joan zen tropela. Lezaun igotzen amaitu zen Haigen saialdia, 50 bat kilometro falta zirela.

Movistarrek garaipena nahi zuen, eta, tropelean zuen nagusitasuna baliatuz, Carlos Betancour bidali zuen aurretik, hogei kilometro falta zirela. Zortzi kilometro egin zituen ihes eginda, eta orduan hasi zen Valverderen erakustaldia. Bizi aurrera egin, eta Carlos Veronak (Micheelton Scott) baino ez zion eutsi. Helmugarako bost kilometro falta zirela, ordea, atzean utzi zuen Verona, eta 20 segundo atera zizkion helmugan. Hirugarren izan zen Nick Schulz (Caja Rural), minutu eta lau segundora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.