Karlos Landeta. Inverest enpresako kontsultorea

«Errusia da gertuen dagoen BRICa geure enpresentzat»

Landetaren arabera, errubloaren amiltzeak oraingoz ez die asko eragin han saltzen duten euskal enpresei, gehientsuenak industriaren hornitzaile direlako.

Olatz Urkia
Mosku
2015eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Karlos Landeta abokatua nazioarteko merkataritzan aditua da, eta Inverest enpresako bazkidea. Duela hamasei urte sortu zenetik, Bilboko enpresa horrek Errusia, Bielorrusia, Kazakhstan eta inguruko beste merkatu batzuk aztertzen ditu Euskal Herriko eta Espainiako enpresentzat edo erakundeentzat. Herrialde haietan inbertsioak egiteko aukerak neurtzen ditu, eta lagundu egiten die herrialde horietan beren produktuak saldu nahi dituztenei. Batik bat Bilbon lan egiten du, baina sarri bidaiatzen du Errusiara, eta ongi ezagutzen du herrialde haren egoera.

Nola uste duzu eragin diela errubloaren balio galtzeak Euskal Herriko enpresei?

Errubloaren balio galtzeak herriaren esportazioei indarra eman eta inportazioak ahuldu egiten ditu. Horrek Errusian saltzen duten euskal enpresen salmentak murriztea ekarriko du, noski. Halere, hemengo enpresek herritarrentzako produktuak baino gehiago industriarentzat lan egiten dute, eta sektore horri beste batzuei baino kalte txikiagoa egiten dio diruaren balio galtzeak. Errusia oraindik ez da independentea sektore industrial askotan, batez ere balio erantsi handia duten ondasunetan; horregatik, oraindik Europako produktuak inportatu behar ditu, eta ezin ditu egun batetik bestera inportazioak moztu. Sektore industrialeko gure bezeroak Errusiatik eskaerak jasotzen ari dira, normal-normal.

Norbaitek aterako al du abantaila egoera honetatik?

Bai, badago aipatu beharreko kontrako efektu bat: badaude lehengaiak erostera Errusiara jotzen duten euskal enpresak. Errusia lehengai askoren munduko produktore garrantzitsuenetariko bat da, eta gertatzen ari den guztiarekin, prezioak benetan erakargarriak dira orain.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Oraindik aste batzuk edo hilabete batzuk behar ditugu egoeraren balorazio sakon bat egin ahal izateko. Hori bai, Kremlinen eta Bruselaren arteko harremanak eta politikarien agendak asko esango du. Hala ere, gu baikorrak gara, batez ere argi ikusten dugulako interes ekonomiko handiak daudela jokoan, bai Errusiako enpresen eta bai Europakoen aldetik.

Orduan BRIC handiaren promesak martxan jarraitzen al du?

Noski. Nik, Errusian ez ezik, beste bi BRICetan lan egin dut: Brasilen eta Indian, eta Errusiaren indarrean sinisten dut. Ezin dugu ahaztu Errusia dela euskal enpresentzat BRIC gertukoena; gainera, Europako merkaturik handiena da, 143 milioiko biztanleria izanik. Errusiak Txina eta Indiarekin harremanak sendotu ditu azken urteetan, eta, dudarik gabe, Europa eta Asiaren arteko zubi natural bat izan liteke. Gainera, euskal enpresen sarea, eta batez ere enpresa industrialena, oso ondo egokitzen dira Errusiaren behar eta aukeretara.

Errusian arrakasta izan dutenen adibideren bat?

Autogintzan, esaterako, Gestamp eta Cie Automotive daude. Errusian inplantazio produktiboa dute, eta trakzio efektu garrantzitsu bat sor dezakete tamaina txikiagoko beste euskal enpresentzat. Beste sektore askok harrera ederra daukate Errusian: industria siderurgikorako edo petrolio industriarako ekipamendua egiten dutenek, nekazaritzarako edo elikagai industriarako makinak egiten dituztenek... Elikagaiei dagokienez ere, zigorrek ez dituzte produktu guztiak ukitu. Adibidez, Arabako Errioxako ardoentzat ez dago trabarik; ez da berri txarra!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.