Oreka topatu nahian

Sasoi gorabeheratsua ari da egiten Anaitasuna, baina Carlos Chocarro taldeko kapitainak espero du azken partidan Guadalajarari nagusitasunez eta ondo jokatuz irabazi izana «mugarri» izatea.

Carlos Chocarro, atzo, Anaitasuna pabiloian, entrenamendu saioa hasi aurretik. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Hitz batek azaltzen du ondoen Helvetia Anaitasuna egiten ari den denboraldia: gorabeheratsua. Jokoari eta emaitzei segida eman ezinik dago Iruñeko taldea sasoia hasi zenetik. Asobal ligako lehen bederatzi jardunaldiak jokatuta, ez da gai izan bi partidatan jarraian punturen bat batzeko. Neurketa bat irabazi edo berdindu duenean, galdu egin du hurrengoa. Halere, ez dago estu sailkapenean: hamargarren da, zazpi punturekin. Hirura du jaitsiera.

«Aldaketa asko izan ditugu taldean, eta bagenekien denboraldi hasiera zaila izango zela», esan du Carlos Chocarrok (Iruñea, 1985). Badaki zertaz ari den. Taldeko kapitaina da, eta Anaitasunan urte gehien daraman jokalaria. Espainiako Lehen Mailan, Ohorezko Mailan eta Asobal ligan aritu da Nafarroako taldearekin.

Estatistikek diote hamasei talderen artean hiruri bakarrik sartu dizkiotela Anaitasunari baino gol gehiago: ia 30 partidako. Chocarrok, hala ere, ez dio garrantzirik eman datu horri. «Iñakiri [Aniz entrenatzaileari] bizi-bizi jokatzea gustatzen zaio, eta, horren ondorioz, jokaldi askoko partidak izaten dira gureak. Ohi baino gol gehiago egon dira; bai gureak, bai kontrarioarenak».

Gehien kezkatzen duena orain arte izan dituzten gorabeherak dira. «Behin baino gehiagotan pasatu zaigu: hamar minutuz oso ondo jokatu, eta gero sekulako beherakada izan. Lehiaketan ere beste horrenbeste gertatu zaigu: neurketa bat ondo jokatu, eta hurrengoa gaizki». Etxean eta etxetik at jokatutako norgehiagoken adibidea jarri du baieztapen hori indartzeko. «Hasieran, hobeto aritu ginen etxetik kanpo etxean baino. Gure zaleen aurrean ondo aritu nahi genuen, eta horrek presioa eragiten zigun. Orain, berriz, alderantziz ari gara. Etxean jokatu ditugun azken hiru partidetan oso itxura ona eman dugu [Bidasoarekin berdindu dute, eta Valladolidi eta Guadalajarari irabazi], baina gero kanpoan gaizki aritu gara. Oreka topatu behar dugu».

Jokoari dagokionez, argi dute zertan ari diren huts egiten. «Txukun ari gara kontraerasoan, baina geldikako jokaldian ez gabiltza fin. Gainera, argi geratu da jada inoiz baino parekotasun handiagoa dagoela. Bartzelona dago goian, gero lau talde, eta gero beste 11».

Anaitasunak irabazi egin du azken partida, nagusitasunez, Guadalajararen kontra (34-27), eta Chocarrok badu itxaropena garaipen hori «mugarri» izateko. «Ea larunbat honetan Sagunten [Herrialde Katalanak] irabazten dugun. Aukera ona da, aurkaria azpitik baitago [azken-aurrena da]. Hain dago parekatua sailkapena erdialdean, ezen irabazita seigarren edo zazpigarren izan gaitezkeen».

«Gogotsu» ikusten du taldea, «bide zuzena» topatzeko «gogor» lanean. «Topikoa izan daiteke, baina oso giro ona dugu. Oso talde batua gara, eta hori oso garrantzitsua da, batez ere gauzak ez doazenean ondo». Haren egitekoa da «batasun horri eustea», Miguel Goñik erretiroa hartu eta gero bera baita kapitaina orain, Andoni Ugarte eta Ibai Meokirekin batera. «Anaitasuna, klub bat baino gehiago, familia handi bat dela erakustea da gure lana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.