Zentimetro handi bat

Malen Ruiz de Azua pertika jauzilariak zentimetro bat hobetu du bere markarik onena. 4,41 metroko jauzia egin zuen larunbatean, Euskadiko Txapelketetan. Beste material bateko pertika bat erabiltzen hasi da.

Malen Ruiz de Azuak bere markarik onena hobetzea lortu zuen larunbatean. SPORTMEDIA.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Astelehenero asteburuko txapelketa ondo joan al den galdetzen diote lankideek Malen Ruiz de Azuari (Arrasate, Gipuzkoa, 1995), eta hark «bai, bueno...», erantzun ohi die. Igaro berri den astelehenean ez zen hori izan erantzuna. «Bai! Honetan ondo atera zait», entzun zuten lankideek bueltan. Ez da gutxiagorako, bere marka pertsonala ondu zuen pertika jauzian (4,41 metro), eta pista estaliko Euskadiko Txapelketa irabazi.

Ustekabean harrapatu zuen Ruiz de Azua bere markak. Ondo prestatuta zegoen, baina ez zen sasoi betean sentitzen: «Aldaketa asko egin ditut aurten, eta pertika berriekin salto egiten ari naiz. Pentsatzen nuen gehiago kostatuko zitzaidala emaitza hauek lortzea. Baina emaitzak iristen hasi dira, eta, alde horretatik, oso pozik nago».

Aurreko sasoietakoaren ezberdina da pertika, eta oraindik ez dio neurria hartu lanabes berriari: «Orain, beira zuntzezko pertikekin salto egin dut; beste marka bateko pertikekin ari naiz. Karbonozkoak dira. Luzera ere aldatu dut, lehengoak 4,30 metrokoak ziren, eta oraingoak, berriz, 4,40 metrokoak dira. Pertika berrira egokitzea gehiago kostatuko zitzaidala uste nuen. Halere, orain arte sentsazioa izan dut asko ari zaidala kostatzen pertika hauetara ohitzea».

Bere marka ondu du pertika berriarekin guztiz eroso egon gabe. Aldaketa berri horietara egokitzeak «buruhauste dezente» emango dizkiola uste badu ere, behin hartara ohituta marka pertsonal berri bat ezartzeko moduan ikusten du bere burua: «Marka hobetzeko esperantza daukat. Larunbatekoa ez zen oso salto ona izan teknika aldetik. Pertikarekin gustura sentitzen naizenean, teknika on batekin, salto handiago bat egiteko gai ikusten dut neure burua. Baina egun hori noiz iritsiko den ez dakit».

Denbora eta distantzia parametroak erlatiboak dira. Pertikan zentimetroak dira preziatuak. Ruiz de Azuak 4,40 metroetan zuen marka ezarria, eta zentimetro batengatik ondu zuen hori. Askori hobekuntza txikia edo ia ikusezina iruditzen bazaie ere, berak ondo daki zenbat entrenamendu ordu dauden zentimetro bakar baten atzean: «Marka egin nuen egunean hainbat bizilagunekin elkartu nintzen, eta esaten zidaten: 'Zentimetro bat? Baina hori ez da ezer!'. Nik zentimetro bat pila bat baloratzen dut, badakidalako zenbat esfortzu dagoen horren atzean, zenbat lan...».

Aurrera begira

Koronabirusak nahiko ondo errespetatu ditu bai pista estaliko denboraldia, baita Ruiz de Azua bera ere. Asteburu honetan, taldekako Espainiako Txapelketa jokatuko du, eta, otsail bukaeran, bakarkakoan lehiatuko da. Txapelketa irabazteko faborito argirik ez du ikusten, eta garbi du zein den bere helburua: «Ni beti joaten naiz irabaztera, eta domina batekin itzultzeko ilusioarekin. Azkeneko urteetan hor egon gara lauzpabost bat maila nahiko antzekoarekin». Zentimetro kontua izango da orduan ere garaipena lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.