Partida zaila du gaur Eibarrek Betisen zelaian, bolada onean baita aurkaria

Aitor Manterola Garate.
2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Gabonetako oporrak hartuko dituzte gaur Eibarreko jokalariek, Betisen zelaian eguerdian jokatu eta gero. «Komeni zaigu emaitza ona ateratzea, bestela oporrak futbola buruan dugula igaroko ditugu eta», esan zuen atzo Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak. Burua lasai edukitzeko, lan zaila dauka, baina, gaur Eibarrek. Betis oso bolada onean da, azken bost partidetatik lau irabazi dituelako, eta liga honetan ez da erraza lortu duen hori, ia talde guztiei ari baitzaie kostatzen bolada ona harrapatzea.

Armaginak, berriz, ez daude hain gozo, azken bost partidetatik bakarra galdu badute ere. Gutxi irabazi dituzte, ordea, behin bakarrik atera baitituzte hiru puntuak, Real Madrilen aurka. Gainerako emaitzak berdinketak izan dira. Ondorioz, erdialdetik behera dago sailkapenean, eta jaitsiera bost puntura dauka. Hortaz, premia txikia ere badu Eibarrek.

Betisen jokoa ondo datorkio Mendilibarren taldeari, zalea baita baloia atzetik jokatuta ateratzen. Nork ez du gogoan aurreko denboraldian Ipuruan Eibarrek eman zion astindua Betisi (5-0)? Etxetik kanpo ariko dira gaur, eta hori da aldea, baina jokoz, armaginek ederki dakite nola geratu Quique Setienen taldea. «Sinetsi egin behar dugu, baloia lapurtzera joateko eta min emateko», esan zuen atzo Mendilibarrek. Antzeko zerbait eskatu zien jokalariei Ipuruako 5-0eko partida haren aurretik. Hamaikakoari dagokionez, ez zuen ezer aurreratu entrenatzaileak, ohi duen moduan. Deialdian, hemeretzi jokalari daude, eta batek harmailetatik ikusi beharko du partida.

BETIS-EIBAR

Betis. Pau Lopez; Mandi, Bartra, Sidnei; Francis, Lo Celso, Carvalho, Tello; Joaquin, Canales eta Loren.

Eibar. Riesgo; Peña, Oliveira, Ramis, Jose Angel; Orellana, Diop, Jordan, Cucurella; Kike eta Enrich.

Epailea. Del Cerro Grande.

Lekua. Benito Villamarin (60.720 ikusle).Ordua. 13:00etan (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.