Merezi zuen ospatzea

22 urterekin 60 gol daramatza Herbehereetako selekzioarekin Vivianne Miedemak. Selekzioko inoizko goleatzailerik onena da Arsenaleko jokalaria. Egoki datorkio SarinaWiegman hautatzailearen jokatzeko era.

Vivianne Miedema txiribuelta ematen, Kameruni sartutako bigarren gola ospatzen. TOLGA BOZOGLU / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Umiltasuna izan du beti bidelagun Vivianne Miedema Herbehereetako aurrelariak (Hoogeveen, 1996). Goleatzaile petoa da. Baina aurkariaren atea zulatzea lortzen duenean, ez ditu egun aurrelari askok egiten dituzten ospakizun bitxiak.Alderantziz. «Kontrarioei diedan errespetuagatik eta begiruneagatik ez ditut ospatzen». Aurreko larunbatean, ordea,Kameruni bigarren gola sartu eta gero, korrika egin, txiribuelta bat eman, eta bizkarrean Jill Roord taldekidea zuela ospatuzuen.

Arrazoi hirukoitza zuen: batetik, Sarina Wiegmanen selekzioak erabakita utzi zuen partida; bestetik, garaipen horrek final-zortzirenetarako sailkatzea ahalbidetzen zien; eta, azkenik, selekzioko golegile onena bihurtu zen: 22 urterekin, 60 gol sartu ditu elastiko laranjarekin. Aurreko marka Manon Melisek zuen. 29 urterekin 59 sartuz. «Banekien gertu zegoela, eta anaiarekin adostu nuen marka gainditzen nuenean ospatu egingo nuela. Halakoetan merezi du lotsa apur bat alde batera uztea», zioen partida amaitzean. Ehun golera iristean halako beste ospakizunen bat egingo duen galdetu zioten. «Urruti dago oraindik. Pozik nago gaur lortutakoagatik, baina berriro ere ez dugu partida ona jokatu. Hobetu egin behar dugu».

Gaur irudi hori hobetu, eta gol marka hori hobetzen segitzeko beste abagunea du Arsenaleko aurrelariak. Haren jarduna erabakigarria izan daiteke, Kanadarekin multzoko lehen postua izango baitu jokoan. 2017an Europako Txapeldun izan eta gero, Munduko Kopan finalerdietara iristea dute erronka moduan.

Hain zuen ere 2017ko Eurokopako finalean Danimarkari bi gol sartu zizkion Miedemak. Herbehereek 4-2 irabazi zuten, eta etxean txapeldun izan izan ziren. 20 urte zituen orduan Miedemak.Txapelketa hartan lau gol egin zituen, eta bigarren goleatzaile onena izan zen, Ingalaterrako aurrelari Jodie Taylorren atzetik. Bost sartu zituen hark.

Miedema oso ondo ulertzen da selekzioko aurrealdea osatzen duten beste bi aurrelariekin: Lieke Martensekin eta Shancie van De Sanderekin. Bera da eraso horren erdialdean jokaten duena, erreferentea. Weigman hautatzaileak ederki ezagutzen ditu, eta haien ahalmenei zukurik handien ateratzen die, eta Herbehereek egin ohi duten erasoko jokoa egitea ahalbidetzen dio. «Miedema bi oinekin moldatzen da ondo, ahalmen fisiko handia dauka, eta buruz ere erremate onak egiten ditu. Baloirik gabe ondo mugitzen da, eta aukerako baloiak uzten dizkie taldekideei».

Denboraldi honetan erakutsi ditu ahalmen horiek guztiak. 20 goletik gora sartu ditu, eta hamar asistentzia banatu. Hala, Ingalaterrako ligako jokalaririk baliotsuena izendatu dute. Haren golak funtsezkoak izan ziren Arsenalek liga irabazteko. Bigarren denboraldia du han. Bayern Munichetik fitxatu zuen, Alemaniako bi liga irabazi eta gero. Txapeldunen Ligako golegile onena ere izan zen bertan. «Ametsa da Arsenalen jokatzea, nire erreferentea beti izan baita Robie van Persie. Haren jokatzeko era oso gustuko nuen: errematatzeko zuen gaitasuna, aurkarien atzealdean zuloak topatzeko zuen gaitasuna...». Gurasoak Feyenoord zaleak ziren, eta ordutik hasi zen haren ibilbidea jarraitzen. «Hiru urte nituenetik eramaten ninduten partidak ikustera. Etxera itzuli, eta baloiarekin jokatzen hasten nintzen. Ama erotu egiten nuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.