Beharrezko garaipena

Realak 0-2 irabazi du Sporting Huelvaren zelaian. Nahikari Garciak sartu du txuri-urdinen lehen gola, eta Patri Ojedak bere atean bigarrena

ainara arratibel gascon
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Hilabete pasatxo zen Realak irabazten ez zuela. Gonzalo Arkonadaren taldea kostata ari zen, eta aurreko sasoian erasoan erakutsitako distira eta bizitasunik gabe. Zortea ere ez zuen alde. Izan ere, irabaztea merezi arren, aurreko igandean bana egin zuen Rayoren kontra. Bada, atzo, zalantzak uxatu eta konfiantzaren zakua betetzeko garaipena lortu zuen Sporting Huelvaren zelaian, Nahikari Garcia txuri-urdinak sartu zuen lehen gola, eta Patri Ojedak bere atean sartu zuen bigarrena.

Gonzalo Arkonadaren jokalariek bazekiten ez zela neurketa erraza izango, eta lan isila egin beharko zutela irabazteko, etxean Huelva aurkari deserosoa baita. Hala egin zuten. Partidako lehen minutuetan sufritzen jakin zuten, eta txuri-urdinek baloia edukita egiten zuten presioari eutsi zioten etxekoek.

25. minutuan, Nuria Mendozaren pase luze baten bidez, ondo atera zen Reala presio horretatik. Baloia Barbara Latorreri iritsi zitzaion, eta kontrol on bat egin eta gero, aukerako pasea eman zion Nahikari Garciari. Atzetik etorrita, Urnietako aurrelariak ez zuen huts egin. Laugarren gola du Nahikarik sasoi honetan, eta hala atzean utzi du hilabete eta erdi min hartuta egon izanaren gurutze bidea.

Golak konfiantza eta lasaitasuna eman zion Realari, eta Kiana Palaciosek erdiraketa bat egin eta gero, bigarren gola sartzeko gertu egon zen Leire Baños. Defentsako lanean nabarmendu izan den arren, euskarria golak sartzen ari da denboraldi honetan. Oraingoan, ordea, haren burukada langara joan zen.

Bigarren golaren bila lanean segitu zuen talde txuri-urdinak, eta 40. minutuan iritsi zen. Bañosek berak korner bat atera zuen, eta oraingo honetan zoria alde izan zuen. Izan ere, Patri Ojedak bere atean sartu zuen gola.

Lehen zatia amaitzear zela Patricia Mascaro etxekoen lehen gola sartzeko zorian egon zen, atzerako artazia eginez erremate ikusgarri batekin. Baina Mariasun Quiñones atezainak gelditu egin zuen.

Bigarren zatian, partida lasaiago joan zen. Bi golen aldea izanda, Realak nahi zuen erritmoa jarri zion partidari, eta etxekoek apenas sortu zuten arrisku jokaldirik. Txuri-urdinek izan zituzten aukera garbienak. Argiena Nahikarik izan zuen. Jokaldi bizkor batean Sporting Huelvako atezaina utzi zuen atzean, eta errematea ere egin zuen, baina atzelari batek atera zuen baloia ia gol arrastoan. Nuria Mendozak, berriz, langara bidali zuen falta jaurtiketa bat70. minutuan.

0-2koarekin amaitu zen partida, eta hiru puntuak lortuta, txuri-urdinek espero dute mugarri izatea goiko postuei begira jartzeko.

Villacampa, «baikor»

Athleticek, berriz, gaur eguerdianjokatuko du. Zuri-gorriek neurketa zaila dute, Atletico Madril ahaltsuaren zelaian ariko baitira, egungo liga txapeldunaren zelaian. Villacampak ondo ezagutzen du aurkaria, bi urte eta erdiz bertan aritu baitzen taldea entrenatzen. «Erronka handia da partida, are gehiago kontuan hartuta haiek aurreko partidan berdindu egin zutela eta apenas galtzen dituztela puntuak. Baina goian egon nahi badugu, halako partidak irabazi behar ditugu, eta aurrerapauso bat eman».

Villacampak uste du irabazteko gakoa «oso batuta» egotea eta Atletico Madrili baloia kentzea dela. «Haiek eroso daude aurkariaren zelaian jokatuta, eta baloia edukita. Deseroso egon daitezen lortu behar dugu».

Taldea prest ikusten du halako neurketa bati aurre egiteko. «Uste dut sasoiko garairik aproposenean iristen zaigula». Ez da espero Villacampak aldaketa asko egitea hasierako hamaikakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.