Uxue Razkin.
PLAY ETA ENTZUN

Bigarren olatuan murgildurik

2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Podcasten bigarren olatuan murgilduta gaude erabat. Narratiba berriak berpiztu dira, hazi egin dira entzungaiak. Horretaz jabetu nintzen El País Semanal-ek aurreko larunbatean ezinbestekoak diren hogei podcasten zerrenda argitara eraman zuenean. Oro har, gai baten inguruan zerrendak egiten hasten direnean, horrek esan nahi du pisu handia duela aferak.

Egun, baditugu, esaterako, hil aurretik irakurri beharreko liburuak, entzun behar diren abestiak, ikusi behar diren pelikulak eta telesailak, bisitatu behar ditugun lekuak. Podcasten txanda da orain. Halere, ez da kontu berria. Duela hamasei urte hasi ziren azaleratzen, baina orain gertatzen ari da benetako booma. Politika, feminismoa, literatura, zientzia eta umorea bezalako gaiak jorratzen dituzten saioak barra-barra ditugu plataforma digitaletan; begi aurrean, denda bateko erakusleiho gisa, klik bat eginda hasten dira hotsak dantzan.

Kontatzeko moduak zeharo aldatu dira. Abantailak baditu, jakina: non-nahi entzuteko aukera eskaintzen du eta tematikoak direnez gero, erraz egin daiteke aukeraketa. Mota askotakoak daude, gainera. Natiboak direnak, hots, podcast moduan jaio eta modu horretan kontsumitzen direnak. Adibide gisa, berriki sortu den (De eso no se habla) dugu, isiltasun(ar)en inguruko ez-fikziozko saioa. Halaber, badira hedabideek abian jarri dituztenak, Berria FM podcast feminista kasu, edo ZuZeu atariko 10 minututan, hezkuntza eta teknologia lantzen duen txokoa, alegia.

Era berean, irratietatik datozen saioak podcast gisa kontsumitzen dira maiz. Aro digitalak ekarri dituen ezaugarrietako bat da, ezbairik gabe. Hala, oso lausoa izaten da bi horien arteko muga. Multzo horretan daude, besteak beste, Euskadi Irratiko Ekosfera eta Catalunya Radioko Crims irratsaioak.

Perretxikoak bailiran ugaritu dira podcastak eta euren kontsumoa hazi egin da nabarmen. Zergatik orain, bada? Fenomeno horren atzean, gako bi: alde batetik, sortzaile digitalaren papera nabarmentzekoa da; egun, jendeak badu gauzak kontatzeko grina—eta beharra—, eta hori egiteko baliabideak baditu. Bestalde, entzule gazteekin sortu den harremana: gazteak ohitu dira istorioak entzutera. Soinuaren aroan gaudela irakurri dut azkenaldian. Ahotsa eta irudia, nor baino nor gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.