Mikel Zumeta.
HERTZAK

Itzalaren mila aurpegiak

2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Kandelapeko argia bezalako tonua, edo sutondoaren parekoa. Argi mehe eta dantzaria, epela, goxoa. Bertatik audio uhinak islatzen dira, prisma batean bezala. Euskal Gaizkileak podcasta da, hormetan itzal txinatarrak irudikatuz, antzinako istorioak azaltzeko, argi-ilunetan. Har dezagun tapakia, bildu dezagun gorputza, eta entzun dezagun adi.

Euskal Gaizkileak Zuzeu Podcast egitasmotik abiatzen den Euskal Herriko gaizkileen inguruko istorio sorta da. Historian murgilduko gaitu, bertatik, geure herriaren biografia ilunean arakatzeko. Saioa pertsonaia bitxi eta narrasez elikatuko da, banpiroen modura, pertsonaien zainetatik geure belarrietara iristeko. Xuxurlatzeko tinpanoetan, zurrumurru itsusienak, kondairak dioena egiaztatu ala ezeztatzeko. Abenturan, Bieuse bikoiztaileen elkartea dugu bidelagun, Beñat Hach zuzendaritzan, eta Iñigo Etxarri soinuaren diseinuan.

Istorioek iraganera eramango gaituzte, bertan kokatzen baitira protagonisten testuinguruak, sarraskiak eta triskantzak. Baina ez da hori bakarrik izango iraganera bidaiatzearen zergatia. Begiak itxi bezain pronto, podcasta hasi eta derrepentean, soinu geruza eta aurkezpen solemnearen gortinak zeharkatu ondoren, istoriora iritsiko baikara. Makila Kixki, Kalabaza tripontzia, Jim Hensonen The story teller —Kontu kontaria— Lemony Snicketen A series of unfortunate events edo Rob Reinerren The Princess Bride-n tankerako girotzera eta bazterretara eramango gaitu. Paul Urkijoren Errementari tankerakoetara, Lotte Reinigerren Ahmed printzearen abenturetara eta itzal txinatarretara, distiratsu eta ilunak biak ala biak zati berdinetan. Ipuin kontagintza klasikoaren birsortze ederrenera.

Saioak 2019. urtean hasi zuen ibilbidea, oraindik podcasten maremagnuma aurreikusten ez zenean. Apustu irmoa egin zuten, entzutezko euskarrian garatutako sormen lanen alde. Dagoeneko hiru denboraldi daude entzungai, ohiko plataformetan eta Zuzeu Podcastean. Tamalez, atal guztiak eskuratzea ez da hain erraza izango, nahasiak baitaude, eta plataforma batetik bestera atalak desberdin azaltzen direlako. Hala eta guztiz ere, atal bakoitza buruaskea denez, ez da zertan ordenarik jarraitu behar entzunaldian. Itxi gortinak, hartu tapakia, piztu argi mehea, kandela, sua eta gurutzatu denbora, gaizkileen arora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.