Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Pandemia, hiru hegaletatik

2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Koronabirusak ezin dio protagonista izateari utzi, eta guk ez dugu bakean uzteko motiborik. Asteon, osasun krisia ertz ugaritatik aztertu dute esatariek eta gonbidatuek. Pandemia poliedrikoa.

Bat. Irati Jimenez kazetari eta idazleak «neke pandemikoa» aipatu zuen Radio Euskadiko Boulevard-eko bere asteazkeneko sinaduran. Hark kontatu moduan, Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi zuen europarren %60 hura pairatzen ari dela, COVID-19aren kudeaketaren kariaz. Nekea, depresioa, antsietatea, motibazioa galtzea; aurretik ere ezagunak ziren munstroak, bada, orain begi-bistakoak dira. Zein garrantzitsua den osasun mentalaz hitz egitea eta gaia irratira ekartzea.

Bi. Asteartean, Radio Euskadiko Graffiti-n, Galder Perezek gidatutako saioan, Ana Carrasco Conde, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Filosofia irakaslea gonbidatu zuten. Gustatu zitzaizkidan Carrascoren mintzoa eta esatarien jarduna, pandemiaren kezka erdigunera ekarriz filosofiaren ikuspegitik. Diziplina hori «larrialdiko balazta bat» bezalakoa izan daitekeela esan zuen adituak, hau da, beste etorkizun batzuk posible diren ikusteko giltzarria. Bitxia da planteamendua.

Hiru. Atentzioa eman zidan SER kateko Hora 25 gaueko irratsaioan, asteazkenean, eman zuten erreportajeak. Madrilgo Ramon y Cajal Ospitaleko ZIU batean sartu ziren Aimar Bretos eta Victor M. Olazabal kazetariak, eta, hango soinuak grabatzeaz gain, arduraduna eta gainontzeko langileak elkarrizketatu zituzten. Saiatu nintzen soinu eta zaratak ezabatzen, eta ondorioztatu nuen solasaldi horiek, informatiboak zein interesgarriak neurri batean, irrati kabinan egin zitezkeela.

Irudiek botere handia dute, baina soinua are boteretsuagoa bilakatzen da, begiak itxita, irudimenak xaxatzen bagaitu. Gaia girotzeak badu garrantzia, eta hori ere informazioa izan daiteke. Baina ez ote zuten edukia —hori ere ezbaian jarriko nuke, berritasun gutxikoa— morbo hutsez bildu, oparitako paper gisa. Baitezpadakoa zen bertara sartzea?

Susan Sontagen Regarding the Pain of Others liburuko honako hausnarketa honekin akordatu nintzen irratsaioa amaitutakoan: «Zenbaitek luzaroan pentsatu izan zuten izua argi erakutsita jende gehienak ulertuko zuela gerra basakeria dela, burugabekeria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.